Aldaketak garraio zerbitzuan

Irati Agirreazaldegi 2005ko uzt. 6a, 21:03
Uztailean ordutegia aldatuko dute Elgeta-Bergara-Arrasate ibilbidea egiten duten autobus zerbitzuetan. Gainera, udan barrena zerbitzua taxi bidez eskainiko du Udalak. Hala ere, bidaia txarteletan eta geltokietan ez da inolako aldaketarik izango.

Ikasturtean zeharreko autobus zerbitzurako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen Udalak; baina orain osorik ordaindu behar du zerbitzu hau.

Azterketa egin eta ikusi dute hainbat ordutan zerbitzua kentzea eta beste ordu batzutan ipintzea dela egokiena; erabiltzaileen eskarien arabera; eta hala egin dute.

Honakoa izango da ordutegi berria:

  • Elgeta-Bergarara: 07:40; 13:30
  • Elgeta-Bergara-Arrasate: 11:45
  • Bergara-Elgetara: 11:30;13:15

Beraz, orain arte Bergaran 14:40ean irteten zen Elgetarako autobusa eta Elgetan 14:55ean irten eta Bergarara joaten zena kendu egin dituzte. Hauen ordez Bergaratik Elgetara 13:15ean egongo da taxia eta Elgetatik Bergarara, berriz, 13:30ean.

Taxia

Orain arte autobus bidez eskaintzen zen zerbitzua orain taxi bidez egingo dute. Izan ere, bi eta lau erabiltzaile artean bakarrik dituzte zerbitzuok eta Udalean azterketa egin ondoren ikusi dute merkeagoa dela taxia ipintzea autobusa baino.

Erabiltzaileendako ez da aldaketarik izango bidaia txartelen prezioan. Bidaia bakoitzeko euro bat ordaindu beharko dute bidaiariek. Bonoa dutenek, berriz, 90 zentimo. Geltokiak ere mantendu egingo dira: Bergaran, anbulatorioan eta 11:45ean irten eta Arrasatera doan taxia Arrasateko anbulatorioraino joango da.

Uztailean barrena taxi zerbitzu hau eskaini ostean, abuztuan etena egingo dute, eta irailean berriz ere izango da abian.

Hala ere, oraindik erabakitzeke dago irailetik aurrera nola egingo duten garraio zerbitzua. Hasieran taxi bidez egin arren, baliteke aurrerago aldatzea. Izan ere, ikasleak eskolan hasten direnean erabiltzaile kopuruak gora egingo du garraio zerbitzu honetan; eta horri irtenbideren bat eman beharko dio Udalak. Orain taxia autobusa baino merkeagoa izan arren, ikasleekin taxi gehiago beharko lirateke eta horrek kostua igoko luke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak