Inoizko Feria Nagusi handiena egin dute aurten Elgetan

A.G. 2005ko uzt. 4a, 10:12
Eguenetik domekara bitarte jan, edan eta parranda egin dute elgetarrek herriko jaietan. 30 artisau, 30 janari postu eta 130 azienda egon ziren ikusgai atzo, domeka, Elgetako Azoka Nagusian.

Biharamuna dute gaur, astelehena, Elgetan. Urtero legez jana eta edana izan da nagusi herrian eguenetik domekara bitarte eta atzo, domeka, egindako Azoka Nagusiaren ondotik erretiratu dira etxera elgetarrak.

"Giro bikaina izan dugu herrian", azaldu digu Elgetako alkate Patxi Basaurik. Asto lasterketaren arrakasta nabarmendu digu alkateak. "Ikusgarria da hiru astotxorekin egindako lasterketak zenbat jende erakartzen duen. Zerbait egin behar dugu lasterketa hau nolabait bultzatzeko". Alkateak, bestalde, plazako dantzaldien arrakasta urria nabarmendu zigun. "Jendeak nahiago du tabernetan egon eta lastima da plaza hutsik ikustea".

Feria nagusia berreskuratu denetik 25 urte

Atzo, domeka, egin zen Elgetako Feria Nagusia. Inoiz baino azoka dotoreagoa egin da aurten. "Duela 25 urte hasi ginen azoka berriz antolatzen", gogoratu digu alkateak. "Inoiz baino postu eta ganadu gehiago ekarri nahi izan ditugu aurten eta idiekin egin dugu ahalegin handiena". Berraondokoan egon ziren ikusgai aziendak. Guztira, 130 bat buru, tartean 21 idi pare. Elgetar abeltzainik ere egon zen azokan. Hala nola, Merche Elorriaga, Josu Arantzabal, Roberto Basauri, Javier Errasti eta Jose Agustin Beretxinaga. Azienda ederrenak ekarri zituzten plazara. Herriko plazako postuen artean, bestalde, Pilar Arinen eskulturak eta Altubeko ogia aurkitu genituen. "Artisau postuak ere gehiago daude aurten", esan zigun alkateak.

Parranda nagusi

Erdi Aroa zen Udalak eguenean mozorrotzeko emandako gaia, baina jende gutxik jantzi zuen mozorroa Elgetan. Eguraldi petralak, agian, ez zuen lagundu.

Jaiek, ordea, protagonista asko eman dituzte. Ainhoa Arantzeta nagusitu zen asto lasterketan. Zapatuko herri bazkarian, Gaizka Bolinagak apaldu zituen mangera handi batekin herritar guztien berotasunak eta soka muturreko hirugarren bigantxak bat baino gehiago larritu zuen itxituratik hanka egin zuenean. Bolo Txapelketan, berriz, emakume bat nagusitu da aurten, Amaia Iturbe. Sardina-janarekin agurtu zituzten jaiak Elgetan. Plaza barrenean erre zituzten. Ez dakigu Juan Mari Sarasua, Jefia, sardina-ehorzketa egitera animatu ote zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak