Aurreikuspen guztiak gainditu zituen Eskola Txikien festak

A.G. 2005ko eka. 13a, 11:35
Bi mila pertsonatik gora elkartu zen atzo, domeka, Elgetan. Eguraldi onak asko lagundu zuen. Datorren urtean Igeldoko Eskola Txikiak antolatuko du jaia. Elgetarrengandik jaso zuten lekukoa.

Euriaren beldur ziren antolatzaileak, baino beroa uxatu ezinik ibili ziren azkenean. Eguraldia lagun izan zuen atzo, domeka, Elgetan ospatutako Gipuzkoako Eskola Txikien Jaiak.

Bi mila pertsonatik gora elkartu zen herri eskolen aldeko jaian eta azpimarratzekoa izan zen elgetarrek prestatutako ekitaldi mordoa. Guztiak egin ziren eta finkatutako ordutegiak errespetatuz gainera. Antolakuntza aldetik, beraz, primeran.

Herri osoaren ahalegina

"Hamaika pertsona aritu gara antolakuntzan baina herri osoa inplikatu da azkenean eta laguntza handia jaso dugu", adierazi du Elgetako eskolako guraso elkarteko Gurutze Telleriak. "Elgetako eskolan 78 ume daude eta hamar maisu. Lan handia genuen eta herritarren laguntzarik gabe jaia antolatzea ezinezkoa zen. Oso pozik gaude primeran joan delako eta mila esker eman nahi dizkiegu laguntzaile eta partehartzaile guztiei".

Berrikuntza mordoa

Aurtengo eskola txikien jaia oso berritzailea izan da. "Jokoak prestatu ditugu eta emaitza ona izan da", esan digu Gurutzek. Bi jolasgune zeuden prest Elgetan goizeko 10etarako. Bata lehen hezkuntzako haurrendako eta bestea haur hezkuntzakoendako. Gune bakoitzean 14 joko zeuden prest eta asko arduradun bat baino gehiagorekin. "Orain arte eskola bakoitzak prestatutako agerralditxoekin osatzen zen jaialdia. Apostu ausarta zen baina ondo atera da".

omenaldiak eta lekukoa

Elgetako alkate Patxi Basaurik, Hezkuntza Sailburu Anjeles Iztuetak eta Elgetako eskolako guraso elkarteko Miren Argi Zezeagak eman zioten hasiera jaiari. Ongi etorria eman zieten herriko plazan Gipuzkoako gainerako 26 eskola txikietatik Elgetara etorritako ikasle, irakasle eta gurasoei. Datorren urtean Igeldoko eskolak antolatuko du Jaia. Lekukoa pasatzea egin aurretik antolatzaileek aurten erretiroa hartu duten Milagros Buldain (Zubieta), Arantxa Valenziaga (Agiña) eta Isabel Peñacoba (Arroa) andereñoak omendu zituzten.

Gaur, astelehena, Elgetako umeek irteera dute Zestoara. Ondo pentsatutako irteera inondik ere, gurasoek azken puskak bildu eta merezitako atsedena hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak