Rebeka Ubera Batzar Nagusietara

Irati Agirreazaldegi 2005ko mai. 11a, 19:46
Rebeka Uberak hartuko du Aintzane Ezenarroren tokia Gipuzkoako Batzar Nagusietan Aralarreko ordezkari modura. Izan ere, Ezenarro hemendik aurrera Eusko Legebiltzarrean arituko da.

Rebeka Uberak bere aurkezpenean balorazio positiboa egin du orain arte Aintzane Ezenarrok egindako oposizio lanaren gainean. “Hor daude 2004ko eta 2005eko aurrekontuei begira gure abstentzioen truke gastu sozialean lortutako igoerak, gizartearen sektorerik ahulenetan eragin positiboa izan zuten”.

Bide beretik

Euren asmoa da bide beretik jarraitzea, zentzu horretan, berretsi nahi dituzte orain arte Aralarrek Batzar Nagusietan aurrera eraman dituen ildo politikoak:

  • Zerga politikan aberastasunaren ikuspegi birbanatzailetik eragitea, gipuzkoarren arteko berdintasun ekonomikoa sustatuz, justizia sozialera hurbiltzen joateko.
  • Zerbitzu sozialetako ereduaren inguruko eztabaida pizten jarraitzea eta horren aldaketa sustatzea, beste eredu bidezkoago bat sortze aldera. Eta orain arteko ildotik, Aralarrek indarra egingo du zerbitzu sozial unibertsal, publiko eta dohakoak lortzeko.
  • Etxebizitzaren gaian, jarraituko dugu bultzatzen babes ofizialeko eta alokairu sozialeko etxeak. Horren inguruan esan, 2005eko aurrekontuen eztabaidan hitzartu genuela foru aldundiarekin aurten sustatuko diren etxebizitzen % 20a alokairu sozialekoak izatea; eta beraz, gai horri segimendu berezia egingo diogu.
  • Garraio publikoa benetan bultzatu behar da; askotan esan dugun bezala, gure ustez diru gehiegi gastatzen da errepideetan. Beraz jarraituko dugu lanean, bide azpiegituretako diru baliabideen zati bat gastu sozialera zein garraio publikoa sustatzeko politiketara bideratua izan dadin. Bereziki trenbide sarea eta autobus zerbitzuei dagokienez.
  • Gaurko gizarte modernoan baserriek beren lekua izan dezaten politikarekin jarraituko dugu, bereziki bertako nekazaritza ekologikoa babestuz.
  • Euskararen sustapenaren alorrean orain arteko bi konpromisoei eustea : Batetik, gure jarduera, bai ahozko zein idatzizkoa, euskara hutsezkoa izatea; eta talde bakarra gara Batzar Nagusietan horrela funtzionatzen duena. Eta bestetik, gizarte esparru guztietan euskararen normalkuntza sustatzea eta bultzatzea. Gogoratu, adibide moduan, aurtengo aurrekontuetan eukara lan munduan sustatzeko dirulerroa Aralarren ekimenez sartua izan zela.
  • Zaborren kudeaketari dagokionez, behin eta berriro esan behar dugu ezin dela gaia itxitzat jo eta erretzea ez den beste alternatiba batzuk bilatu behar dela. Hor daude, esatebaterako, Bartzelonako ereduaren zutabe diren ekoparkeak eta bizigabeen zabortegi kontrolatuak.

Gehitu du, “Aralarrentzat funtsezkoa da Batzar Nagusietatik hasita bakegintza eta normalkuntza prozesuan laguntzea, denon artean ilegalizazio zein mehatxurik gabeko Gipuzkoa lor dezagun”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak