Gaueko 22:30ean izango da "Euskararen zazpi bekatu nagusiak" antzezlana. Aitzpea Goenagak idatzitako antzerki testuan oinarrituta dago lana. Olatz Beobidek eta Edi Naudok zuzenduko dute eta aktoreak Niko Lizeaga, Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo dira.
Gustuko izateaz gain, barre asko egin duela jakinarazi digu ikusi duen jendeak.
Euskararen arazoak
Euskara ikasi, erabili, bizi eta hitz egiteko beharraren arrazoia da obraren mamia. Euskararen egunerokotasunean sortzen diren hainbat egoera bitxi erakutsiko ditu antzerkiak, euskararen arazoak mahai gainean jarriz. Ikusle bakoitzak bere ondorioak ateratzea da helburu nagusia.
Egileak zazpi bekatu nagusiak (amorrua, lizunkeria, zuhurkeria, bekaizkeria, nagikeria, handiustea eta tripazainkeria) istorio banatan euskarari txertatuko dizkio. Horrela, hamar minutuko zazpi esketx ikusi ahal izango dira. Bergarako enpresari aprobetxategi bat ikusiko da taula gainean, Pirinioetan Xiberolandia parke tematikoa antolatu nahi duena, euskal esentziak gordetzeko, eta artzain zuberotarrari terrenoa erosi behar diona; edo 6. maila egokitzen zaion arren, hitanoak sexualki kilikatzen duela-eta, alfabetatze taldera igaro nahi duen euskaltegiko ikaslea; edo gizartearen axolagabekeriaz mindutako idazlea...
Sarrerak leihatilan bertan erosi daitezke. Bazkideak 10 euro eta 12 gainontzekoak.