"EAJ-EAk guk aurkeztutako mozioa (udal funtzionamenduari zegokiona) onartu ez duelako, gobernua ulertzeko modu erabat desberdinak ditugulako eta gureganako errespetu minimoa ere ez duelako erakusten, EAJ-EArekin dugun akordioa bertan behera lagatzen dugu", adierazi zuen Aralarrek. Hala ere, Ogasun, Kultura eta Hezkuntzako batzordeburu izaten jarraituko du Aralarrek, oraingoz.
Oxel Erostarbe zinegotziak adierazi duenez, "batzordeburu izaten jarraitu ala ez aztertzen ari gara, hori baita EAJ-EAri interesatzen zaion bakarra: guk eurei lana kentzea".
Aurrekontu txikiagoa
Udal aurrekontua EAJ-EAren aldeko botoekin onartu egin zen egubakoitzean; Aralarrek kontra bozkatu zuen. Iaz baino aurrekontu baxuagoa onartu du Elgetako Udalak. Ia 5 milioi eta erdi euroko aurrekontua da eta horietatik 4 milioi inbertsioak dira. Patxi Basauri alkateak lau inbertsio azpimarratu ditu: Pagatzako industrigunea,Torrealdeko urbanizazioa,Maalako parkea eta pilotalekua berritzekoa.
Aralarren egoitza
Uberatik Elgetarako igoera bizikletan eta korrika egin ondoren, Elgetako Salbatore kaleko egoitza inauguratu zuten Aralarreko kideek zapatuan. Oxel Erostarbe aritu zen anfitrioi. Aintzane Ezenarro hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaia, Joseba Azkarraga Bizkaiko hautagaia eta Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusia izan ziren eskualdeko Aralarko kideekin "Zibil eta zabal" kanpaina aurkezten. "Ez dago mehatxuendako lekurik euskal gizartean" adierazi zuen Ezenarrok, bai eta "datorrena trantsizioko legegintzaldia" dela ere.
Uberatik Elgetara egindako lasterketan azkarrena Juan Martin Elexpuru izan zen; bizikletan igo zen.