Aralar: "EAJ-EAk ez ditu bete babes ofizialeko etxeak eraikitzen hasteko emandako epeak"

Irati Agirreazaldegi 2005ko mar. 22a, 13:42
Hirigintzako batzordeburu Joseba Muxikak Torrealdeako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen hasteko epea eman zuen Goitb-n otsailaren 8an. Honen esanetan hilabete eta erdian hasiko ziren lanak; eta behin epe hori pasatuta Aralarrek salatu du esandakoa ez dutela bete.

Aralarrekoen esanetan, "EAJ-EAk ez zuen egia esan eta kea saldu zien herritarrei". Gaineratu zuten: "Emanda behar luke etxebizitzak eraikitzeko litzentziak, inguru honetan behar lukete beharginek, makinek adreiluek, teilek... Joseba Muxikak, EAJ-EAk gezurra esan zuen hedabideetan. Berazk eman zituen epeak ez dira bete".

Hilabete batzuk geldi

Torrealdean bi etxebizitza mota egingo dituzte: libreak eta babes ofizialekoak. Libreak eraikitzen ari da Elgeta Etxegintza enpresa eta gainontzekoak Murias enpresak egingo ditu, baita inguruaren urbanizazio lanak ere. Bi enpresok ados ipini ez direnez EAJ-EAk Hirigintza batzordean proposatu du proiektua berraztertzea. Aralarrek honen aurrean esan du, "Euren proposamena da proiektua aldatzea, honek denboran hilabete batzuetako atzerapena ekartzeaz gain, proiektuaren kostua igoko du. Kostu honen gehiengoa Elgeta Etxegintzak ordaindu behar du. Udalak negoziatu egin beharko du ordindu beharreko zenbatekoa".

Bilerarik ez

Bestalde, esan dute aurreko asteetan zenbait batzar izan direla Murias etxe eraikitzailearekin. "Aralarrek eskatu du batzar horietan egotea. Gobernuan elkarrekin gauden arren EAJ-EAk ez digu utzi batzar horietan parte hartzen. Honetaz gain, debekatu digute udal arkitektoarekin batzea. Zinegotzi mosuan Udaleko teknikariekin batzeko eskubidea dugu, EAJ-EAren debekua ulertezina da. Zer dute guri eta herriari ezkutatzeko?", esan dute Aralarreko zinegotziek.

Proiektu garrantzitsuak atzeratu

Hori guztia ikusita Aralar pentsatzen hasia dago EAJ-EAk legealdi amaierarako utzi nahi dituela proiektu garrantzitsuak. "Aurreko legealdian argi asko ikusi zen EAJ-EAk legealdia bukatzekotan zela egin dituen obrak. Gestio txarra litzateke boto batzuk eskuratzeko asmoz proiektu garrantzitsuak legealdi bukaerarako uztea", esan zuten Aralarrekoek.

Mezpretxuei erantzunik ez

Gainera esan zuten legealdia hasi zenetik EAJ-EAk sekulakoak esan dituela Aralarren kontra. "Arduragabeak, harroak, sentsazionalistak, gezurteroak, iskanbila zaleak garela, gehiegikeriaz eta zurikeriaz jokatzen dugula... esan digute. EAJ-EAk ez du gustuko Aralarrek Udaleko gorabeherei buruz informazioa ematea. Hedabideetan inaugurazioak, proiektuen aurkezpenak eta horrelakoak agertzea bakarrik nahi dute", esan zuten.

Elgetako Aralarrek, ordea, beti izan du argi euren eginbeharretako bat herria informatzea dela, eta esan zuten bide beretik jarraituko dutela Elgetaren alde lan eginez eta herria informatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak