Kutxak 50.000 euro eman ditu Eguneko Zentrorako

Irati Agirreazaldegi 2005ko mar. 16a, 12:46
Adineko sei lagun daude Domingo Iturbe kaleko Eguneko Zentroan. Astelehenean, ordea, jende gehiago izan zen bertan. Kutxak zentrorako dirulaguntza eman duela eta bertako ordezkariek gertutik ezagutu nahi izan zuten egoitza.

Astelehenean, Udaleko eta Kutxako ordezkariak Nagusiendako Herri Zentroan izan ziren bisitan. Bide batez, Kutxako ordezkari Iñaki Almandozek 50.000 euroko dirulaguntza agiria eman zion Patxi Basauri alkateari. Diru hori Nagusiendako Herri Zentrorako erabiliko du Udalak.

Domingo Iturbe kaleko instalazioak ikusi ostean, dirulaguntza agiria eman zion Kutxako Iñaki Almandozek Udalari, Eguneko Zentroko langile eta erabiltzaileen aurrean egindako ekitaldian.

Patxi Basaurik Eguneko Zentroan esan zuenez, “herri batendako garrantzitsua da errepideak, kirol instalazioak, eskolak... egitea. Baina zorionez, jendeak gero eta urte gehiago hartzen ditu; beraz, beharrezkoa da eurendako zerbitzuak ere gertatzea. Guk aurrea hartu dugu eta Gipuzkoako herri txikien artean Elgeta izan da lehenengoetarikoa horrelako zentro bat zabaltzen. Horretarako, ordea, dirua behar da eta Foru Aldundiko laguntzaz gain, Kutxarena ere jaso dugu, beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu ordezkariei”.

Elgetako familia batek ere 18.000 euroko dirulaguntza eman duela jakinarazi zuten.

Iñaki Almandoz Kutxako ordezkariak zera esan zuen: “Kutxak garrantzia ematen dio Gipuzkoako gizartearen beharrei diruz laguntzeari. Ondoren, abian ipinitako proiektuak bertatik bertara ikusi nahi izaten ditugu”.

Horrelako proiektuen premiari buruz galdetuta esan zuen, “Gizartea zahartzen doan heinean beharrak handitu egiten dira. Gure eginbeharra da orain adinekoei laguntzea, gu ere noizbait zahartuko garelako”.

Sei plaza beteta

Izaskun Larrea Gizarte eta Osasun zinegotziak zentroaren gaineko balorazioa egin zuen: “Balorazioa oso positiboa da. Elgeta bezalako herri txiki baten, herritarrei zerbitzu hau eskaintzeko aukera izatea oso ona da. Gainera, hain denbora gutxian zazpi plazatik sei betetzea poztekoa da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak