Orain dela bederatzi urte zabaldu zuten Elgetako gaztetxea. Ordutik, herriko hainbat gaztek hartu du parte asanbladetan. Gaur egun ere, barikuetan egin ohi dute batzarra eta 15 neska inguru elkartzen dira urteko ekitaldiak antolatzeko. Urteurreneko ospakizunetan ere neskak izan ziren nagusi.
Asteburu honetarako urteurren ospakizunak prest zituzten gazte asanbladako kideek eta jai giroa izan da nagusi gaztetxearen inguruan. Zapatu eguerdian, trikitilari eta bertsolariak lagun, poteoa egin zuten gazteek. Eguerdian bazkaritarako zuten hitzordua. Eguzkitik babesteko paperezko txapelak jantzi eta gaztetxe aldamenean bazkaldu zuten.
Bazkal ostean, giroa berotzeko Enaitz Alustiza, Jokin Labayen eta Iñigo Arzelusen bertsoak izan ziren eta Maite eta Miren trikitilarien doinurik ere ez zen falta izan.
Twister erraldoia ere gertu zuten; batzuek jolasean eta besteek begira barre nahikoa egin zuten. Arratsaldean berriz egin zuten poteoa eta jaia kontzertuarekin amaitu zuten gauean.
Aldaketa
Batik bat kontzertuak izaten dira gaztetxekoek kanpora begira antolatzen dituztenak. Baina gaztetxea herriko gazteen topaleku den heinean, euren gaiak eztabaidatzeko lekua ere bada.
Bederatzi urtean gaztetxean gauzak aldatu direla esan digute asanbladakoek. "Jendea aldatu ahala asmoak aldatu dira, baita gaztetxearen inguruko iritziak ere. Hala ere, gaztetxea beti da herriko gazteen topaleku".