Pailazoak eta afaria Korrika dela eta

Irati Agirreazaldegi 2005ko mar. 11a, 11:40
Datorren eguaztenean, martxoaren 16an, pasatuko da Korrika 14 Elgetatik arratsaldean. Hori dela eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Korrika batzordeak bezperarako eta egunerako. Besteak beste, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia eta afaria izango dira.

Korrika batzordekoak lanean jardun dute Korrika 14 elgetatik pasatzen denerako gauza guztiak egoki gertatuta izateko.

Korrika martxoaren 16an, eguaztenean, 18:40 inguruan Elgetara iritsiko dela aurreikusi dute antolatzaileek. Uberako bihurgunearen ostean, Dormicoop inguruan hartuko dute lekukoa elgetarrek eta Bizkaiko mugara bitartean eramango dute.

Gaztetxeak, Esna Adik, Elgeta Auzolanian plataformak eta Euskal Herrian Euskarazek elkarrekin erosi dituzte kilometroak. Gainontzekoak Udalak, Herri Eskolak, tabernariek, Aralarrek, Bolinaga Metalak enpresak, eta Goibeko kultura elkarteak hartu dituzte bere gain. Guztira, sei kilometro.

Pirritx eta Porrotx

Korrika datorrela eta herria girotzeko izango da ekitaldirik. Martxoaren 15ean, 18:00etan, Espaloian Pirritx eta Porrotx pailazoen Patata, patata ikuskizuna izango da. Sarrerak salgai daude lau eurotan Espaloian, liburutegian, Haizean eta Kiroldegian. Baita Bergarako ludotekan ere.

Bestalde, martxoaren 16an, eskolako umeek Korrika txikia egingo dute 15:00etan herriko kaleetan. Ondoren Korrika pasatuko da Elgetatik 18:40 inguruan. Gero, giroa aprobetxatuta afaria egongo da Ozkarbi elkartean. Txartelak salgai daude 10 eurotan Haizean, gaztetxean eta Espaloian. Afal ostean, Oskar Estangak eta Jaione Olazabalek osatutako Berriketan bikotearekin, euskal kanta ezagunak abesteko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak