Espaloia: Antzerkia, musika, poesia eta argazkiak

Irati Agirreazaldegi 2005ko ots. 17a, 11:49
Ekitaldiz beteta dator asteburua Espaloian, eta datorren asterako ere bada iragarrita ikuskizunik. Antzerkia, Korrika kulturalaren baitan egindako kontzertua eta argazki erakusketa baten inaugurazioa egingo dituzte asteburuan, eta poesia emanaldia eguenean.

Barikuan Ados Teatroa konpainiaren eskutik El Decameron antzezlana ikusteko aukera izango da 22:30ean.

Boccacioren ipuin bilduma bat da El Decameron; Antonio Vitoria eta Garbi Losadarena, berriz, Espaloian antzeztuko duten bertsioa. Erotismoak indar handia du lan honetan, baita umoreak eta ironiak ere. Espaloiko taula gainean Javier Barandiaran, Josean Bengoetxea, Jon Ezkurdia, Alvaro Garaialde eta Martxelo Rubio aktoreek jardungo dute. Sarrerak 12 euro balio du, Goibekoko bazkideendako, berriz, 10 euro.

Korrika kulturala

Zapatuan, Korrika kulturalaren baitan kontzertua izango da 22:30ean. Bertan jardungo dute Afrika Bibang, Korrikako kantuaren egileak; Fjord taldeak; eta Sharon Stoner, Danbaka lehiaketako irabazle izan den talde oñatiarrak.

Afrika Bibangek bere doinu bero eta berritzaileekin korrika 14ren mezua zabaldu nahi du kantuan. Abestiaren izenburua Ni ere bai da, aurtengo korrikaren leloa, hain zuzen ere; eta euskara ikasiz eta erabiliz, gure hizkuntza zaintzeko deia egiten du jungle erritmoan.

Fjord taldea Etsaiak, Ekon eta Su Ta Gar taldeetan jardundako lau kidek osatzen dute. Metala, punk-rock-a, pop-a, rockand-roll-a eta hard-rock-a izango dira entzun gai euren eskutik.

Kontzertua osatzeko Danbaka lehiaketan irabazle izan ziren Sharon Stonerreko oñatiarrek stoner rock-a eskainiko dute.

Erakusketa

Bestalde, domekan inauguratuko dute Antonio Irisarri argazkilariaren 42 lanekin erakusketa. Martxoaren 2ra arte izango da ikusgai. Irisarri Eibarren bizi den lizarrarra da. Parkinson gaitza du eta gaixotasuna hobeto eramaten laguntzen dio argazkilaritzan jarduteak. Erretratuak egiten ditu batez ere, eta sarritan bere argazkiak eskaneatu eta ordenagailuan aldatzen ditu.

Eguenean, berriz, poesia eta ikus entzunezkoak uztartzen dituen Arrakalak emanaldia ikusteko aukera izango da 20:00etan. Bihotz Bakartien Klubeko Gotzon Barandiaranen poemekin osatutako saioa izango da, eta animaziozko irudiz lagunduko dituzte poemok, baita musikaz ere.

Datorren astebururako, bertso saioa iragarri dute batetik. Barikuan 22:30ean izango da. Bestetik, zapatuan, kontzertua eskainiko du 22:30ean Arrasate Musikaleko Big Band-ak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak