Gaur egun Elgetako parrokiako apaiz lanetan jarduten du Juan Cruz Juaristi zarauztarrak. Baina misiolari moduan 36 urte eman zituen Ruandan.
Orain, Rikardo Uzkudun oriotarrak Juaristiren Ruandako bizipenak liburu batean jaso ditu. Barikuan aurkeztuko dute Orion Ori-Zautz Ruandaren aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeak kaleratu duen liburua.
Historia eta elkarrizketa
Juan Cruz Juaristi eta Ruanda: Gogoa Afrikaren bihotzean da liburuaren izenburua eta bi zati ditu. Lehenengoan Juan Cruzek berak idatzi eta Rikardo Uzkudunek laburtu eta euskaratutako Ruandako historia agertzen da. Bigarrenean, berriz, misiolariari egindako elkarrizketa luzea.
Dibulgazio liburua da hau. Egilearen esanetan, "sentiberatasuna handitzea du helburu: Ruanda, genozidioa, Afrika...".
Liburua barikuan aurkeztu eta jende artean zabaltzea da asmoa. Horretarako Elgetan elizan bertan eskuratu ahal izango da eta baliteke salgai ere ipintzea.