Espaloia Kafe Antzokiak balorazioa egin du eta bazkide kanpaina aurkeztu du

Maider Arregi 2004ko abe. 21a, 13:52
Atzo egin zuten balorazioa prentsa aurrean. Samuel Gorrotxategi, Jon Andueza eta Iban Arantzabal izan ziren azalpenak ematen. Oso balorazio positiboa egin dute, "formulak futzionatzen du: taberna eta jatetxea ondo doaz eta horrek laguntzen du kulturako zuloak tapatzen. Parte hartzea handia izan da bai antzerkietan, bai hitzaldietan, baita film emanaldietan ere".

Oso gustora daudela esanez hasi dute prentsa aurrekoa. Egia esan, ikusten da geldirik ez daudela. Urtarrilerako egitaraua aurkeztu dute eta berriz ere kulturaz blai dator Espaloia Kafe Antzokia. Aipatzekoen artean La Ratonera antzezlana edo Gari musikaria. Horiek urtarrilean izango dira.

Korrika Elgetatik pasatzen dela eta Afrika, Fjord eta Danbakako irabazlearen kontzertua ere izango da otsailean. Martxoan berriz Fernando Saunders baxu jotzailea izango da Espaloian. Lou Reed-eko baxujolea da Saunders, eta jende ezagunarekin etorriko da Elgetara, besteak beste Sting-en bateria jotzailearekin.

Aurreko hiruhileko balorazioa

Kultura programazioan 18.000 eurotik gora gastatu dituzte eta ia 4.000-5.000 lagun bildu dira hiru hilabetean ekitaldiez gozatzeko. Zifrak eskatu dizkiegu arduradunei eta horietxek eman dizkigutenak. Ez da makala.

Urtarrilean bazkide kanpaina

Bazkidetza kanpaina abiatuko dute Espaloia Kafe Antzokian. Dagoeneko 130 bazkide dituzte, baina pentsatzekoa da handitu egingo dela kopurua. Aurten, lehenengo aldiz, haurrengana ere zabalduko da bazkidetza. 10 euroren truke bazkide izango dira eta bazkidetza horrek trukean zinemara erdi prezioan joateko aukera emango die gaztetxoei. Deskontuak ere izago dituzte Gobeko kultura elkarteak eta Espaloiak antolatzen dituen ekintzatan. Umeek zinea izango dute domekero arratsaldeko 17:30ean.

Nagusiendako ere izango da kanpaina. Hauek, 35 euroren truke jasoko dute bazkide txartela. Trukean, arduradunen arabera, errentagarria izango da: Antzerkiak merkeago, kontzertuak inork baino merkeago, egutegia opari urtero, Asteleheneko Goienkariko harpidetza merkeago, zinekluba doan… aitortu dute orain arte ez dutela trukean gauza handirik emateko aukera izan, baina urteko 35 euroak segituan amortizatuko dituzte 2005. urtean. Lehendik dauden bazkideei kobratuko zaie kuota urtarrilean eta karneta Espaloian bertan jaso beharko dute.

Prentsa aurrekoan esan dute hanka sartze txiki batzuk egin dituztela, baina hasiberriaren ajeak izan direla. Espero dute zerbitzua hobetzea denborak aurrera egin ahala.

Danbaka lehiaketa

Baloratu dute lehiaketa hau ere. Jendeak oso ondo erantzun duela eta maila handia egon dela nabarmendu dute. Urtarrilaren 14an finala era berezian egitea espero dute. Datorren urtera begira ekintza hau errepikatzeko ahaleginak egingo dituzte. Argi utzi dute hau Goiena eta Espaloiaren artean landutako proiektua izan dela eta oraindik ez dela pentsatu hurrengo urtean egingo ote den.

Hurrengo ekintza 30ean

Herri jaialdiaren berri ere eman dute. Herriko hainbat taldek kantuan egingo dute karaokean edo Gardoki musika jotzaileak lagunduta. Elgetako Ozkarbi abesbatzak ere parte hartuko du. Ateratzen den dirua Korrika bultzatzeko izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak