Asteon ikusiko dute aurreproiektua museoaren jarraipen batzordekoek

Jarraipen batzorde bat osatu dute Elgetako Udalak, Euskal Herriko Mendi Federakundeak eta Elizak

Orain dela sei urte Pako Iriondok, Euskal Mendi Federakundeko orduko presidenteak, ekin zion egitasmoari. Harrezkero geldiunea ere izan du asmoak, baina orain dela bi urte berriz ere ekin diote eta jarraipen batzorde bat dabil eman beharreko pausoak ematen.

Jarraipen batzordeko kideak honakoak dira: Elgetako Udala osatzen duten alderdietako ordezkari bana, legez kanpo geratu zen herri zerrendako ordezkari bat eta herriko alkate Patxi Basauri; Euskal Mendi Federakundeko ohorezko presidente Pako Iriondo, Besaide Mendi Elkarteko presidente Alvaro Arregi, Santi Llanez mendizale eta kazetaria, Xabier Untzurruntzaga arkitektoa, Elgetako kultura teknikaria eta Elgetako abade Xabier Azkotia, Gotzaindegiko ordezkari legez. Eurek ikusiko dute lehenengoz arkitektoak prest daukan aurreko proiektua, eta asteon izango da, gainera.

Aurretik esandako moduan, orain dela urte batzuk sortu zen ideia eta, oraindik gauzatu ez den arren, “bide onetik doala” onartu digute batzordeko kideetariko batzuek. Hala ere, oraingoz ezin da esan nola finantzatuko den museoa, ez eta jarraipen batzordea nola osatuko duten. “Gure asmoa –eta biderik egokiena dela uste dugu– fundazio bat sortzea litzateke erakunde eta mendiarekin zerikusia duten lagunekin; hala ere, oraingoz ez dugu ezer ziurra esku artean eta pauso batzuk eman ditugun arren, ez dago erabakita ezer”, azaldu digute.

Museoa egin beharrekoa dela sinistuta dabiltza ideiaren bultzatzaileak. “Orain egin ezean, berandu izango da. Askok dute mendiarekin zerikusi duen materiala etxean, ganbaratan… gordeta. Baina erabiltzen ez diren gauzak botatzeko ohitura daukagu eta gorde ezean, laster, gure historiaren zati handi bat galdu egingo dugu”, adierazi digute jarraipen batzordeko kideek. “Gainera, Euskal Mendizaletasunaren Artxibategi Historikoak izan dituen aldaketek agirien desagertzea ekarri dute, eta hori kontuan hartuta, behin betikoz Elgetan kokatzeko erabakia hartu zen”, gaineratzen dute.

“Erabaki hori Elgetako Udalari sor zaio, aurreko kokalekuarekin izandako egoera delikatuaren aurrean izan zuen erantzunagatik. Bestalde, Santi Yañizek Bilbon mendizaletasunaren gaineko erakusketa egin berri du. Material asko batu zuen horretarako eta nahi izan duenak museoa egin arte eman egin du materiala. Orain Euskal Museoan dago gordeta material hori, sailkaturik; baina bilketa jarraitu egin behar dugu, Yañizek Bilbo aldean egin duelako bilketa, baina Euskal Herria hartu behar dugulako kontuan, Elgetako museorako”.

Aurreproiektua

Euskal Mendi Federakundearen 75. urteurreneko ospakizunen ondoren (1999. urtean), Diseinu eta Proiektu Kulturalen Garapenaz arduratzen den Ikonos enpresari, Elgetako Kultur Sustapenerako Plan Zuzentzailea eta Museografia Aurreproiektua delakoa egitea eskatu zitzaion. Aurreproiektua Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaz egin zen. Proiektu horretan Elgetaren balioa azpimarratzen zen horrelako museo bat gauzatzeko, besteak beste.

Handik atera zen ere “Elgeta inguruko udalerriekin komunikatzeko erabili izan diren bidezidorrak berreskuratzea”, besteak beste, adierazi digute jarraipen batzordekideek. “Azkenean, proiektu osoan pentsatu behar dugu, nahiz eta lehentasunak zehaztu behar izan”.

Eskualde mendizalea

Elgeta kokalekutzat hartzea “logikoa da. Hor sortu zen Euskal Mendi Federakundea, batetik, eta bestetik, gure eskualdeko mendizaletasuna neurtuz gero, aitzakiarik ez dago”, dios Alvaro Arregik. Kalkuluak egin ditu eta “Euskal Mendi Federakundeak 25.000 federatu ditu; Gipuzkoan 13.000 gara eta Oñati, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate eta Antzuolan, berriz, 4.000. Esan dezakegu, bataz beste, gurea dela federatu gehien dituen eskualdea”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.