Elgeta auzolanian plataformak orain arteko dinamika jarraituko du Udalean

Irati Agirreazaldegi 2004ko urr. 20a, 17:37
Elgeta auzolanian plataformak deituta herri batzarra izan zen barikuan. Udaleko gora beherak eta egoera politikoa izan zituzten hizketarako gai. Izan ere, hauteskundeen ostean, herritarren botoen arabera zegokion ordezkaririk gabe jarraitzen du plataformak.

Udaleko gorabeherak eta egungo egoera politikoa gai hartuta, herri batzarrerako dei egin zuen Elgeta Auzolanian plataformak. Joan zen barikuan egin zen bilera eta 25 lagun inguru izan ziren.

Elgeta Auzolanian plataformakoak pozik azaldu ziren jasotako erantzunarekin, jendeak bilerara joateaz gain, bertan parte hartu baitzuen iritziak emanez.

Dagokion zinegotzia eskatu

Edurne Alberdi Elgeta Auzolanian plataformako zerrendaburuak adierazi digunez, “orain arteko dinamika berarekin jarraituko dugu Udalean. Bilkuretan mozioak aurkeztuko ditugu eta bertan egongo gara gure iritziak emateko; batzordeetan ere parte hartuko dugu”. Hala ere, “herritarren nahia errespetatuz dagokigun zinegotzia eskatzen jarraituko dugu, eta aldarrikapen hori eginaz mozio bat aurkeztu dugu Udalean”, esan digu Alberdik.

Aralarren proposamena

Aralar alderdiak, bere iraileko berripaperean, proposamena egin zuen Auzolanian-ek Udaleko erabaki-guneetan parte hartzeko. Aralarren esanetan, “errespetatu egin behar da hauteskundeetan herritarrek esandakoa. Ondorioz, Elgeta Auzolanian plataformari zinegotzi bat dagokio. Legeak Udalaren gainean inolako neurririk hartu ez dezan herri batzarra sortzea proposatzen dugu”.

Aralarrek esandakoaren arabera, herri batzar horretan alderdi guztiek hartuko lukete parte botoarekin. Ondoren, bertan lortutako akordioak batzar “ofizialak” onartu beharko lituzke.

Elgeta Auzolanian-ek, ordea, Lizartzan egin zen saiakeraren antzerako bat eginez, EAJ-EAkoek euren zinegotzi bat utzi eta leku hori Edurne Alberdik hartu behar lukeela uste dute. Aukera hau Aralarrek proposatutakoa baino egokiagoa da euren esanetan. “Baina horretarako EAJ-EAk erakutsi behar du borondatea”.

Gai horren gainean, alkateak ez du inolako adierazpenik egin. Bere iritziz, “horri buruz esan beharreko guztia esana dago”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak