Salbador kalean, plaza inguruan eta tunelaren aldamenean hainbat semaforo ipini zituzten iazko abuztuan herri barruko trafikoa mantsotzeko asmoz.
Baina ustez ez da nahikoa eta Udalaren eskariz Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru irlatxo eta semaforo bat ipiniko ditu Artekalean hasi eta Eibarrerako bidera bitartean.
Lehenengo irlatxoa Artekalean egongo da, eliza ostean. Bertan semaforoa ere ipiniko dute, eta hemendik oinezkoek errepidea kiroldegi aldera gurutzatu ahal izango dute. Bigarrena, Artekaleko azken etxeetatik gutxi gorabehera 40 metrora egingo dute. Horrela, Eibartik datozen autoek abiadura moteldu beharko dute.
Elgetatik Eibarrerako norabidean, San Rokeko parkearen amaieran, kokatuko dute abiadura moteltzeko asmoz egingo duten hirugarren irlatxoa.
Bidea estutu
Irlatxo hauek egitearen helburua bidea pixka bat estutzea da. Honela, autoek derrigorrez abiadura jaitsi beharko dute.
Irlatxoak eraikitzeko lanak noiz hasiko dituzten oraindik ez dute erabaki. Lehenago, ordea, bertako lurren jabeen baimena beharko du Udalak.
Lehengo semaforoekin arazoak
Aurrez, autoen abiadura moteltzeko semaforoak ipini bazituzten ere, arazoa ez da guztiz konpondu.
Hainbat semaforo apurtu egin dira eta baten batek oraindik konpontzeke jarraitzen du. Izan ere, kamioi batzuek bertatik pasatzean maniobrak egiteko zailtasunak izaten dituzte eta izan da semaforoa apurtu duenik ere. Bestalde, oinezko askok semaforoen argiei kasurik egin gabe gurutzatzen du errepidea, ez baitakite kolorez aldatzeko botoiari sakatu behar zaionik.
Semaforoen gainean dauden zalantzak argitzeko asmoz arduradunekin bilera egitea eskatu dute Udaletik. Berriak ipini aurretik lehengo arazoak behintzat konpontzeko.