Eguneko zentroa urriaren erdian edo amaieran zabalik

Jadanik jakinarazi dute zein arduratuko den Domingo Iturbe kalean dagoen zentro balioanizduna kudeatzeaz. Biharko Gipuzkoa S.L. enpresak hartuko du lan hori, eta behin langile guztiak kontratatuta urriaren bigarren hamabostaldian zabalduko dute zentroa.

Uda aurretik inauguratu bazuten ere, oraindik itxita daude zentro balioanizduneko ateak. Hautagaiei euren proposamenak aurkezteko epe bat laga ostean, hauek aztertu eta egokiena Biharko Gipuzkoa S.L. dela erabaki du Udalak. Enpresa honek kudeatuko du, beraz, zentro balioanizduna.

Langileak aukeratzen

Enpresa langileak kontratatzen dihardu eta behin aukeraketa egin ostean, zentroa abian jartzeko moduan izango da.

Bertan janariaz, garbiketaz eta eraikina txukuntzeaz arduratuko den pertsona bat, erizain laguntzaile bat eta dinamizatzaile bat egongo dira. Bestalde, koordinatzaile batek zentroaren ardura izango du baina ez da egunero zentroan egongo. Dena dela, langile kopurua erabiltzaileen arabera aldatu egin daiteke.

Oraingoz bi elgetarrek eman dute izena eguneko zentrora joateko, zaintzapeko etxebizitzak, berriz, ez du bizilagunik oraindik. Guztira, zazpi lagunendako tokia dago eguneko zentroan eta udaletxetik esan digutenez, elgetarrek ez ezik kanpotarrek ere izango dute bertara joateko aukera, beti ere herritarrik ez badago, hauek baitute lehentasuna.

Zerbitzuak

Eguneko zentroan hainbat zerbitzu eskainiko dituzte. Etxetik zentrorako garraioaz gain, gosaria eta bazkaria emango diete bertan. Osasunaren jarraipena egingo diete eta behar dutenean baita sendagaiak eman ere. Adinekoen garbiketaz ere arduratuko dira zentroan. Bestalde, gorputza eta memoria lantzeko ariketak ere egingo dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.