Nekazal turismoko bi etxeak beteta abuztuan

Irati Agirreazaldegi 2004ko ira. 2a, 11:13
Oporrak amaitu dira askorendako baina izan da abuztuan lanean geratu denik, ostalaritzan jarduten dutenak, besteak beste. Herriko taberna gehienak irekita egon dira eta baita nekazal turismoko etxeak ere. Oporrak amaituta udala pozik azaldu da zerbitzu hauekin.

Elgeta oso herri turistikoa ez bada ere udan kanpotik etorri da jendea bertara, eta hauei zein herrian bertan geratu diren herritarrei zerbitzu egokia emateko, azken urteetan ez bezala, Elgetako taberna gehienak zabalik egon dira abuztuan. Irekita egon dira baita ere herrian dauden nekazal turismoko bi etxeak.

Tabernak zabalik egotea herriarendako positiboa izan dela esan digute Udaletik. "Kontuan hartuta inguruko herrietan hainbat jatetxe itxi egin dituztela oporrengatik, jendea Elgetara etorri da jatorduak egitera", esan digu Patxi Basauri alkateak.

Nekazal turismoa

Nekazal Turismoko bi etxe daude Elgetan: Barrenengua eta Eguzkitza, eta abuztuan beteta egon dira biak. Hotela egun batzutan zabaldu dute, hilabete guztian ez da irekita egon.

Barrenenguak sei logela ditu eta hilabete osoan guztiak beteta izan direla jakinarazi digute, gauza bera gertatu da Eguzkitzako lau logelekin ere. Italia, Alemania, Zeelanda Berria, Frantzia, Gales zein Espainia bertatik etorri dira, gehienak Kataluniatik.

"Gero eta jende gehiagok hartzen erreserbatzen du alojamendua internet bidez eta Elgeta Euskal Herriko erdigunean egonik egokitzat jotzen dute gero hemendik mugitzeko eta horregatik aukeratzen dute lekua. Baina inguruko txokoak ezagutzeaz gain, Elgeta bera ere bisitatzen dute eta baita bertako tabernetara joan ere", esan digu alkateak.

Datorren urtera begira Udaletik ostalariekin egoteko asmoa azaldu dute. Bestalde Basaurik esan digunez, "Mankomunitatetik turismoa indartzeko ahalegina egin nahi da baina tabernari eta ostalariek horren aldeko jarrera azaldu ezean ezinezkoa da".

Udalaren beste nahietako bat udako giroa alaitzeko ekitaldiren bat edo beste antolatzea ere bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak