Jaien balorazio positiboa egin dute bileran

Irati Agirreazaldegi 2004ko uzt. 20a, 22:42
Jaien balorazioa egiteko bilera astelehenean izan zen. Jaietan egon zen guztia gonbidatuta egon arren zortzi lagunek baino ez zuten parte hartu batzarrean. Hala ere, euren iritziak jaso eta hurrengo urteetako jaiak antolatzean kontuan izango dituzte.

Azoka Nagusiko jaiak uztailaren hasieran izan baziren ere, gogoetarako tarte bat hartu eta jaiak baloratzeko batzar irekia asteon egin dute jai batzordeak deituta.

Luzea izan zen bilera. 21:30ean hasi eta 00:30ak artekoa. Bertan, jai egitarauko puntu gehienak aztertu zituzten eta bertaratutakoen iritziak jaso. Horrela, ongi irtendako gauzak eta egindako akatsak agerian utziz.

Arrakastatsuenak

Erabaki zuten gauza batzuk ongi irten diren arren ez litzatekeela komenigarria urtero-urtero errepikatzea, nahiz eta jendeak harrera ona egin.

Esaterako, umeen euskal jaia edo Paella erraldoiarekin egindako herri bazkaria. Azken hau errepikatzeko modukoa izan daiteke, baina beharbada beste menuren batekin. Umeendako beste batzutan baino gauza gehiago egon direla eta hori positiboa izan da. Hitz egindakoak idatziz jasoko eta hurrengo urteko jaiak antolatzerakoan kontuan hartuko dira, bai huts egiteak konponduz edo baita estimazioa izan duten ekitaldi batzuk errepikatuz.

Udal ordezkarien iritziak

Asteleheneko batzarrean Udal ordezkariak ere izan ziren eta euren iritzia eskatu diegu. "Jendeak asko lagundu du bai antolakuntzan baita ekintzetan parte hartzen ere. Giro polita nagusitu da. Ekintzen artean arrakastatsuenetarikoak umeentzako animalia harrapatzea, herri bazkaria eta jokoak edo dantza solteko lehiaketa izan dira. Hala ere, hainbat gauzatan huts egin dugu eta herrian sumatu ditugu ezadostasunak: antzerkia kalean ez egitea; edo ekintzetan parte hartzeko jende anitzagoarengana heltzea lortu ez izana. Programa bera ere letra irakurtezinetan idatzia zegoen", esan digu Iban Retolaza kultura zinegotziak.

Izaskun Larrea EAJ-EAko zinegotziaren esanetan, "herriko jendearen parte hartzea azpimarratuko nuke, nahiz eta kanpotik beste batzutan baino jende gutxiago etorri den. Beti aurkitzen dira hobetu beharreko gauzatxo batzuk eta horretan saiatuko gara, baina oro har jaiak ongi joan direla esan genezake".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak