Haurreskola irailean zabaltzeko gertatzen

Oraindik data zehazteke badago ere, irailean irekiko ditu ateak Haurreskolak. Behin-behineko kokapena Herri Eskolan izango duenez, ume txikienendako gela bat egokitzeko lanetan dihardute beheko solairuan hainbat beharginek egunotan.

Irailean hasiko dira 0 eta 3 urte arteko umeak Haurreskolan. Hori dela eta eurendako gela bat gertatzen dihardute.

Behin-behineko gela hori Herri Eskolako beheko solairuan egongo da. Bertan, erabilera anitzeko gela bat kokatuko dute, eta umeak egoteko txoko bat ez ezik sukaldea, lo egiteko lekua eta komunak ere izango ditu, bai umeendako eta baita irakasleendako ere. Izan ere, etxetik ekarritako janaria gelan bertan emango diete umeei, eta behin bazkal ostean bertan lo kuluxka egingo dute.

Haur eskolaren helburu nagusia familiei hezkuntza eta laguntza zerbitzua ematea da, eta umeei heziketa emateaz gain, hauek zaindu ere egingo dituzte.

Hilaren amaierarako bukatuta

Gela bera egin dute jadanik Herri Eskolako irakasle gelaren ondoan, besteak beste paretak eraikiz. Orain margotzea eta lurra ipintzea falta dira eta horretan jardungo dute pintore eta arotzek. Lanak hilaren amaierarako edo beranduenez abuztuko lehen asterako amaitzea espero dute.

Ondoren, irailean Haur Eskolen Partzuergotik altzariak ekarrita guztia gertatu eta umeekin lanean hasteko moduan izango dira. Haurreskola irekitzeko egun zehatza zein izango den ez dute esan, baina izena eman duten haurren gurasoei aurrez jakinaraziko diete.

Oraingoz hiru haurrek eman dute izena, 2004an jaiotakoa bat eta beste biak 2003koak. Baina ikasturteko edozein unetan Haur Eskolan sartzeko aukera izango dute txikitxoek. Horretarako, Haurreskolara edo udaletxera jo beharko dute interesatuek.

Eskolan egokitzapenak

Haur Eskolaren kokapena behin-behinekoa da eta Herri Eskolan kokatuko dutenez, hainbat egokitzapen egingo dituzte bertan. Besteak beste, Udalak ganbara utzi dio eskolari eta han psikomotrizitate gela prestatuko dute irailerako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.