Nagusiendako zentroa inauguratu dute

Irati Agirreazaldegi 2004ko uzt. 16a, 21:53
Nagusiendako zentro berria inauguratu zuten barikuan Elgetan. Besteak beste, Gizarte Politikarako diputatu Esther Larrañaga eta Patxi Basauri Elgetako alkatea izan ziren inaugurazio ekitaldian. Zentroak egunez joango diren adinekoendako zazpi leku ditu eta etxebizitza babestuan hiru lagunendako tokia egongo da.

Domingo Iturbe kalean, etxebizitza eraikin bateko behe solairuan eta erdi sotoan dago kokatuta zentroa, herri erditik gertu eta pasealekuz inguratua.

Etxebizitza babestuak 75 metro koadro ditu eta bertan hiru logela (lagun bakarrarendako bakoitza), eremu komuna, bainu gela geriatrikoa eta sukaldea daude. Azken hau eguneko zentrokoekin partekatzeko. Etxebizitza hau adineko pertsona autonomoendako da.

Eguneko zentroak ere azalera bera du. Hemen jardueretarako eremua, bainugela geriatrikoa, bulegoa, biltegia eta garbitokia daude. Astelehenetik egubakoitzera 09:30etik 17:30era bitartean egongo da zabalik. Zazpi lagunendako tokia dago eta adineko pertsona ezinduei eskainiko zaie laguntza, baita adinekoak ez izan arren ezintasunen bat dutenei ere.

Ibarreko lehena

Landa eremuko zentro balioanizdunen artean eskualdeko lehena da Elgetakoa. Zentro honekin Debagoienean adinekoei laguntzeko dauden baliabideak osatu nahi dira. Orain artean eguneko zentroak daude Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan eta etxebizitza babestuak Arrasaten eta Oñatin, bestalde, sei egoitza ere badaude.

Inaugurazio ekitaldian dantza egin zuten eta zentroa non dagoen azaltzen duen plaka agerian ipini ostean, zentroaren beheko solairuan azalpenak eman zituzten.

Esther Larrañagak azaldu zuenez, "landa eremuetan gizarte zerbitzuen arloan detektatutako beharrei erantzuten diete zentro hauek. Elgetako kasuan, egoitzetako eta eguneko zentroetako laguntza behar zuten herritarrek eskualdeko beste herrietara joan behar izaten zuten. Orain beren herrian jasoko dute laguntza hori euren ohiko harremanak hautsi gabe".

Mankomunitatea

Bestalde diputatuak azaldu zuen Elgetak eta Antzuolak elkarrekin ematen dituztela gizarte zerbitzuak eta aztertzen ari direla Leintz Gatzagarekin batera gizarte zerbitzuen mankomunitate berri bat sortzea bideragarria ote den. "Landa eremuko udalerriek ezin dituzte zenbait zerbitzu beren kabuz eskaini eta horrelako mankomunitateak bide egokiak dira arazo hori konpontzeko".

Egubakoitzean inauguratu arren, irailera arte ez da abian jarriko zentroa. Baina zerbitzu berri hauei buruz informazio gehiago nahi duenak udaletxera jo dezake astelehen eta eguen goizetan eta Karmele Korta gizarte laguntzaileak emango dizkie azalpenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak