Eguenetik domekara giro onean, parranda-zale mozorroa erantzi gabe

Irati Agirreazaldegi 2004ko uzt. 5a, 11:47
Azoka Nagusiko Jaiak ospatu dituzte asteburuan Elgetan. Eguenean mozorro jaiarekin hasi eta domekan antzerkiarekin amaitu arte ekitaldi ugari izan da lau egunean herrian

Mozorrotuta hasi zituzten jaiak eguenean Elgetan. Ekialde Urruna gai hartuta, txinatar, japoniar zein herensugez mozorrotu ziren batzuk, baina jaietarako indarrak hartu nahian-edo izan ziren iragarki ezagun hartako Duracel untxitxoz mozorrotu zirenak ere. Haiek pilak ongi kargatuta hasi zituzten jaiak.

Eguenean zen mozorro festa, baina elgetar batzuek jaietan ez dute mozorro bat behintzat soinetik kendu: parranda-zalearena, hain justu ere.

Izan ere, nahiz eta kanpotik jende asko ez joan, herritarrek izan dute non gozatua. Herritar guztientzako izan da aukera. Txikienak Jokulandian, marrazki lehiaketan, animaliak harrapatzen...

Erretiratuek ere eurentzako espresuki gertatutako bazkari ederra izan zuten Espaloian, eta sabela ongi bete ostean, dantza egitera animatu zenik ere izan omen zen.

Dantza gutxi, jan asko

Bestelako dantza doinuak ere izan dira egunotan Elgetan. Tapia eta Leturiak emanaldia eskaini zuten plazan baina aukeran jende gutxi samar animatu zen dantzara.

Agian elgetarrek gaztetxean antolatutako kontzertuak nahiago dituzte, han ere izan zen jende nahikoa.

Dantzara jende gutxi animatzen omen da, baina jateko orduan inork ez du zalantzarik izaten. Galdetu bestela paella gertatu zutenei. Plazan 250 lagunetik gora izan zen bazkaritan eta izan zen paella etxean jateko eraman zuenik ere.

Animaliak bi zein lau hankakoak izan dira jaietan protagonista. Bikoak asko herriko kale zein tabernetan, baina bestelakoak ere ikusi ditugu Elgetan.

Zezentxoak kalean bai, baina haien aurrean jartzera ausartu zirenak gutxi. Pase bat edo beste egin bai, baina norbaitek oraindik sentituko ditu zezenak ordainetan emandako kolpeak ere.

Animaliak baita domekan azokan ere

Postuetan bueltatxoa egin eta etxera behia hartuta ez baina erosketak eginda joan ziren asko.

Amaitu dira Elgetako jaiak eta parranda zale mozorroa erantzi dute guztiek. Batzuek datorren urtera arte, beste batzuek, aldiz, datorren asteburuan bertan ziur jantziko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak