Guztia prest dago Azoka Nagusirako

Dagoeneko prest dago guztia Elgetako Jaiak hasteko. Espaloia Kafe Antzokiaren inaugurazioa, umeen euskal jaia, mozorro festa, asto karrera, urteroko ferixia eta beste hainbat ekintza izango dira aurtengo jaietan. Festa eta umore ona izango dira nagusi Elgetan uztailaren 1ean hasi eta 4a bitartean, baina aurreko egunetan ere izango da zer ikusi eta zerekin gozatu.

Dantzako argazkien gaineko erakusketarekin emango zaie hasiera festetako ekintzei, ekainaren 25ean. Espaloia Kafe Antzokian egingo da erakusketa. Eta ekainaren 26an egingo da Espaloiaren inaugurazio ekitaldia: Albadulake taldearen "Malaje" ikuskizunak estreinatuko du antzokiko agertokia.

Azken urteotan ez da Umeen Euskal Jairik egin Elgetan, eta lehengo ohitura berreskuratuz, aurten egingo da. Ibarreko hainbat herritako dantzariak izango dira Elgetan ekainaren 27an, domeka.

Azoka Nagusia 2004

Uztailaren 1ean emango zaie hasiera jaiei, txupinazoarekin. Mozorro festa, herri afaria, Larrain dantza... izango dira egun horretan Elgetan.

Uztailaren 2a jubilatuen eguna izango da. Hainbat ekintza izango dira jubilatuendako, baina gazteagoek ere izango dute disfrutatzeko aukera.

Hirugarren egunean asto karrera, paella erraldoia, koadrila arteko jokoak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Seguru umore ona izango dela nagusi.

Uztailaren 4an, urteroko Ferixiarekin amaituko dira jaiak. Baserrietako produktuak, dantzariak,... egongo dira egunean zehar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.