Asentzio Eguna domekan

Irati Agirreazaldegi 2004ko mai. 21a, 11:02
Domekan, hilaren 23an, Asentzio Eguneko ospakizunak egingo dira Asentzio gaineko putzuaren aldamenean. Gazte asanbladakoek izango dute ekitaldiak gertatzeko ardura, eta aurrez, eguna girotzeko, gaurko rock kontzertua antolatu dute.

Bederatzi urte beteko dira aurten herriko gazteek Asentzio Eguna berreskuratu zutenetik. Bederatzi urteotan hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horren inguruan eta aurtengorako ere gertu daude jadanik herriko gazteak.

Urte hauetan guztietan ekintza bereziekin girotu dute Asentzio Eguna. Herriko txapeldunak lehian ikusi dira bertan, gazte eta zaharren arteko desafioak egin dituzte eta dantza erakustaldiak zein arrantza txapelketak ere egon dira.

Bizikleta lasterketarekin hasiko da eguna aurten. Beste urte batzuetan Intxortarako igoera, karramarro arrantza Asentzioko putzuan... antolatu izan dituzte, eta txirrindulariak ere inoiz ikusi dira Asentzion.

Lasterketa amaitutakoan, eguerdian, meza izango da Asentzioko baselizan urtero egin ohi den moduan.

Meza ostean, herriko dantzariek erakustaldia eskainiko dute bertaratutako herritar guztien aurrean.

Asentzion goizean zehar txosna ipiniko dute gazte asanbladakoek eta bertan pintxoak eta edariak izango dira nahi dutenendako. Bestalde, Gure Borda Elkartekoek ere salda eta txorizoa banatuko diete goizean Asentziora gerturatzen direnei.

Herri kirolak

Dantzak ikusi ondoren herri kirolen txanda etorriko da. Herriko hainbat koadrilak hartuko dute parte herri kirolen txapelketa. Koadriletako neska-mutilak artoa jasotzen, soka-tiran eta zaku karreretan jardun beharko dute nor baino nor. Orain dela zenbait urte egin ziren antzerako probak Asentzio Egunean eta lehiaketa modu umoretsuan eginez, eguna girotzeko asmoz antolatu dute aurten ere txapelketa.

Herri kiroletan jardundakoek indarrak berreskuratzeko eta gainontzekoak sabela betetzeko bazkaria izango da gero. Entsalada mistoa, solomoa piperrekin, postrea eta kafea izango dituzte mahai gainean bazkarirako. Bazkal ostean, Asentziotik herrira jaitsi eta jai giroak bertan jarraituko du. Izan ere, triki-poteoa egingo dute herrian Bergarako trikitilariekin.

Eguna girotzeko kontzertuak

Baina Asentzio Eguneko ospakizunak aurrez hasiko dituzte elgetarrek. Gazte asanbladakoek antolatuta gaur, barikua, kontzertua izango da 22:30ean hasita gaztetxean. Bertara joan nahi dutenek hiru euroko sarrera ordaindu beharko dute. Aterkings talde markinarrak eta Black sheeps bergararrek jardungo dute. Aterkings talde rockeroa beste talde batzuetan ibilitako musikariek osatutakoa da. Black Sheeps taldekoek ere rock doinuak eskainiko dituzte. Elgetarrek ezagutzen dituzte bi taldeok aurrez ere inoiz izan baitira gaztetxean.

Gazte asanblada arduratu da Asentzio Eguneko antolaketa lanetaz, baina Udalak diru-laguntza eman die ekintza hauek gertatzeko. Guztira, 240 euro jasoko dituzte gazte asanbladakoek Udaletik. Diruz laguntzeaz gain, musika tresnak eta beste hainbat gauza ere lagako dituzte Udaletik Asentzio Eguneko ekintzak egoki irteteko.

Egitaraua

Maiatzak 21, barikua

22:30: Kontzertua: Black Sheeps (Bergara) eta Aterkings (Markina). Gaztetxean.

Maiatzak 23, domekia

11:00: Bizikleta lasterketa

12:00: Meza

Ondoren: Dantzak

Gero: Koadrilen arteko herri kirol txapelketa: Arto jasotzea, soka-tira eta zaku karrera.

14:30: Bazkaria.

Bazkal ostean: Triki-poteoa herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak