Lapurrak hiru aldiz sartu dira gaztetxean

Irati Agirreazaldegi 2004ko mai. 6a, 18:09
Elgetako gaztetxekoak ez dabiltza zorteko azken aldian. Hamabost egunen barruan hirugarren lapurreta egin dute bertan. Lapurrek dirua eraman dute sartu diren hiru aldietan. Salaketa ipini badute ere oraindik ez da jakin nor izan den lapurreten egilea.

Apirilean, hamabost egunen barruan, hiru aldiz sartu dira lapurrak Elgetako gaztetxean eta dirua eraman dute.

Gaztetxeko bigarren gelatik sartu ziren apirilaren 14an eta diru kopuru handia lapurtu zuten. Ondoren, apirilaren 28an, berriz sartu ziren eta orduan ere dirua ostu zuten.

Azkenik, joan zen barikutik zapaturako gauean, Plazatik Gaztetxera txapelketako saioa amaitu eta gaztetxea itxi zutenean, berriz ere sartu ziren lapurreta egitera. Aurreko aldietan bezala dirua eraman zuten. Azken bi aldi hauetan lapurrak ate nagusitik sartu dira, beraz, bertako giltza daukatela uste dute gaztetxekoek.

Apirileko lapurreta hauek ez dira orain artean gaztetxean egin diren bakarrak. Izan ere, aurrez beste behin ere sartu ziren lapurretara gaztetxera. Orduan leiho bat apurtu eta bertatik sartu ostean, musika aparatua eraman zuten gaztetxetik.

Gaztetxeko kideek salatu egin dute gertatutakoa eta Ertzaintzak ikerketa zabaldu du. Gaztetxean izan dira gertatutakoaren berri jasotzeko asmoz, eta besteak beste gazte asanbladako hainbat kiderekin hitz egin zuten.

Ertzainek gaztetxekoei esan dietenez lapurrak ez dira Elgetako gaztetxean bakarrik sartu. Beste hainbat gaztetxetan ere ostu egin dute azken aldian. Hala ere, ezin da esan lapur berdinak izan diren ala ez.

Kafe Tertulia eta Bideo emanaldia

Lapurretan egin eta dirua kendu arren, Elgetako gaztetxekoei ez diete lanerako gogorik kendu eta ekintzak antolatzen segitzen dute.

Gaur, barikua, 18:00etan hasita bideo emanaldia eta kafe tertulia izango dira gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak