Udal aurrekontuak onartuta: 6.808.443 euro

Ezohiko udal batzarra egin zuten martitzenean udaletxean eta 2004 urterako 6.808.443 euroko aurrekontua onartzea adostu zuten EAJ-EA koalizioko eta Aralarreko ordezkarien baiezko botoekin. Elgeta Auzolanian plataformako kideek ere aurrekontuen gaineko iritzia eman zuten.

Aurtengoa inoizko aurrekonturik altuena da. Izan ere, iazkoekin alderatuz ia bikoiztu egin direla esan genezake. 2003ko Udal aurrekontua 3.406.874 eurokoa izan zen. Inbertsio handienak Aurrekontu horretatik guztira 5.647.649 euro inbertsioetara bideratuko dituzte. Inbertsio nagusiak hirigintza batzordeak egingo ditu. Izan ere, eraikuntza eta urbanizaziora bideratuko da aurrekontuaren zati handi bat.

Pagatzako industrialdeko bigarren zatia urbanizatzeak 3.723.009 euroko kostua izango du. Torrealdea urbanizatzeak 750.000 eurokoa eta Espaloiko lanek 397.037 eurokoa.

Alderdien Iritziak

Aralarrekoek baiezko botoa eman zieten EAJ-EAk proposatutako aurrekontuei eta bide batez esan zuten, “lehenengo aldiz, legealdira begira espero dituen diru sarreren plangintza egingo du Udala”. Diru sarreren kontuari dagokionez gaineratu zuten, “zalantza asko dugu EAJ-EAk aurkeztutako sarreren gainean. Zaila ikusten dugu guztiak betetzea. Batez ere aprobetxamendu urbanistikotik espero direnak. Horregatik, sarrera hauek ez datozen artean zenbait gastu ez egiteko konpromisoa adostu da”.

Elgeta Auzolanian plataformako kideek ere euren iritzia eman zuten aurrekontuen gainean. “Aurrekontuak desorekatuak direla iruditzen zaigu % 83 eraikuntzara bideratuta baitago. Horrek ingurumen eta nekazaritzan du eragina eta aurrera begira aurrekontuak prestatzean filosofia aldatu behar litzateke”, esan zuen Edurne Alberdik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.