Behin behineko haurtzaindegia Herri Eskolan irailetik

Irati 2004ko mar. 11a, 16:49
Udalak Haurreskolak Partzuergoarekin akordioa sinatzea onartu du. Akordio honekin datorren irailetik aurrera herrian 0 eta 2 urte arteko umeendako haurtzaindegia izango da Herri Eskolako eraikuntzan.

Seguru aski talde bakarra izango da hasieran, hala ere, gerora talde gehiago sortzeko aukera egon liteke. Iaz eta aurten jaiotako umeek izango dute lekua haurtzaindegian. Iaz bederatzi ume erroldatu zituzten Elgetan eta aurten jadanik bi jaio dira.

Zenbat irakasle egongo diren ume kopuruaren arabera erabakiko dute. Egutegia eta ordutegia, berriz, gurasoek eta irakasleek adostuko dute. Hala ere, jakinarazi dute haurtzaindegia bi egunetan baino ez dutela itxiko, herriko jaietako egun batean eta San Inazio egunean, hain zuzen ere.

Hezkuntza eta laguntza

Haur eskolak hezkuntzaz gain laguntza ere eskaini nahi du. Hori horrela izan dadin goizeko lehen orduetan hezkuntzarekin lotutako ekintzak egingo dira. Ondoren, sartzeko eta irteteko aukera egongo da, baina bazkal orduan sarrerak eta irteerak mugatu egingo dituzte. Hala ere gurasoren batek umeari bularra eman behar badio edo beste zerbaitegatik sartu nahiko balu irakaslearekin hitz egin beharko luke. Janaria gurasoek eraman beharko dute bertan berotu eta eman diezaieten. Lotarako momentu bat ere izango dute umeek.

Haur eskola abian jartzearen helburuetako bat gurasoak lanean dauden familiei erraztasunak ematea da. Azken finean umeek etorkizuna bermatzen dute eta hauek zaindu egin behar dira. Hezkuntza proiektua, bestalde, herri bakoitzak finkatuko du eta horren ardura Udaleko ordezkari batek, hezitzaile batek eta guraso batek izango dute.

Behin-behinekoa

Udalak haurtzaindegia herri eskolan ipintzeko asmoa zuen eta hala izango da oraingoz. Izan ere, Haurreskolak Partzuergotik jarritako baldintza bat da haurtzaindegian sarrera independentea izatea.Izan ere, ume gehiago hasiko balira toki falta egongo litzateke bai haurtzaindegian eta baita eskolan bertan ere. Gainera, herrian etxeak eraikitzen dihardutela ikusita, ume kopuruak gora egingo duela aurreikusi dute.

Beraz, oraingoz, irailean Herri Eskolan kokatuko dute haurtzaindegia, baina bi edo hiru urteren buruan egoitza finkoa Torrealdean Udalak dituen lokaletan jartzea erabaki dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak