Elurra mara-mara ibarrean

iban arantzabal 2004ko ots. 27a, 08:59

Bideak zuri daude eta ez da giro. Elurra kentzeko makinak badabiltza, baina pasa ahala zuritzen da bidea. 11:00etan Pesak ez du autobus zerbitzurik Gasteizera. 9:30ean Arrasatetik Gasteizera abiatu den autobusa Eskoriatzan gelditu da, eta 10:30etakoa ez da abiatu. Informazioa nahi izanez gero dei egin Pesara: 902-10 12 10.

Zuri esnatu dira kaleak Elgetan. Beste herri batzuetara joan behar diren langile asko dago Elgetako plazan, zain, bideak noiz hobera egingo.

Autoren batzuk, ausartenak, igotzen dira Elgetara, baina esan dutenez bidean geldi daudenik ere bada.

Elurraren zain oraindik

Elurra egiten jarraitzeko itxura guztia du. Bitartean, Udaleko edurra kentzekoa hasi da enpresetarako bideak garbitzen. Aldundiaren makinak ere badabiltza, baina ez dago gozo bidea.

Errepidea ez dago itxita. Bai, aldiz, kamioiendako. Gaur pisu handiko kamioiek ezin izango dute errepidera atera. 7.500 kilotik gorako kamioiei debekua jarri diete agintariek.

Domekara arte elurra?

Pello zabalak esan du Arantzazun, elurrak 6 zentimetro hartu dituela. Domekara arte egongo omen da elur arriskua.

Hainbat ekitaldi bertan behera

Eskoriatza: Koldo Amestoy ipuin kontalariaren saioa bertan behera

Elurra dela-eta suspenditu egin da Koldo Amestoy ipuin kontalariaren saioa. Ipuin kontalariaren emanaldia Unibertsitatean izan behar zen, gaueko 22.00etan.

Aretxabaleta: Gaur Kurtzebarri eskolan Karitateko Benta taldeak gaueko 22:30ean eskaini beharreko kontzertua kolokan dago. Arratsaldean konfirmatuko da ekitaldia egingo den edo bertan behera geldituko den.

Oñati: Koro Garmendiak, Jaurlaritzako Turismo Sailburuordeak, parte hartu behar zuen "Itourbask" hitzarmenaren protokoloa betetzeko ekitaldia bertan behera gelditu da. 12:00etan zen Oñatira etortzekoa, eta ezin izan da etorri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak