Udaleko erroldaren arabera, 841 elgetarrek dute martxoaren 14ko hauteskundeetan botoa emateko aukera. Horiek dira, hain zuzen ere, Elgetako udaletxean egongo den hauteskunde mahai bakarrera gutun azala esku artean dutela joan daitezkeenak.
Azken hauteskundeetan, joan zen maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan, Elgetako hautesle errolda 843 lagunekoa zen, eta oraingoan bi gutxiago baino ez dira izango Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa emango dutenak.
Udal hauteskundeetan abstentzioa %18koa izan zen. Hau da, 151 elgetarrek botoa emateari uko egin zioten.
Posta bidezko botoa
Bestalde. herriko alderdiek elgetarrei jakinarazi nahi diete posta bidezko bozka egiteko epea zabalik dagoela jadanik. Lan hori errazteko herriko alderdiek laguntza emango dute.
EAJkoak otsailaren24, 26 eta 27an eta martxoaren 2, 4 eta 5ean egongo dira Domingo Iturbe kaleko zortzigarren zenbakian 19:00etatik 20:00etara. EAkoek inguruko herrietara joateko deia luzatu dute. Bergarara, esaterako, Alkartetxera joan daitezke astelehenetik barikura 11:00etatik 12:30era edo 17:30etik 19:30era. Aralarrek eta plataformakoek ez dute egunik zehaztu oraindik.