San Sebastian kofradia urtetako usadioa eutsiz

Irati 2004ko urt. 20a, 17:22
San Sebastian eguna ospatu dute izen bereko Elgetako kofradiako kideek. Mendetako ohiturari jarraituz, urtero bezala meza egin dute lehenengo parrokian, eta ondoren, batzarra. Eguna borobiltzeko bazkaria izan dute.

San Sebastian kofradia Errege katolikoen garaian sortutako taldea da. Orduan, jauntxoei eta lur jabeei armak izateko ahalmena eman zieten, herria lapur eta kontrabandisten aurrean defendatzeko. Noble hauek osatu zuten orduan San Sebastian kofradia eta gaur arte iraun du.

Garai batean elkarteko kideak jauntxoak baziren ere, gaur egun hauen lurrak edo baserriak erosi zituztenak, edo hauen oinordekoak dira San Sebastian Kofradiako partaideak, guztira 35 lagunek osatzen dute. Kide berriek, beraz, ez lukete lekurik izango elkarte honetan, baldin eta norbaitek bere lekua utzi eta honen ordez senideren bat sartuko ez balitz, behintzat.

Kideak ez ezik, denborarekin ohiturak ere aldatu egin dira. Lehen, Maalako ermitan egiten zuten urteroko meza eta herritarrendako ikuskizun bat izaten zen. Prozesioa egiten zuten: jantzi dotoreak eramaten zituzten soinean eta kandelontziak eskutan. Udaleko zinegotziak eta alkatea ere gonbidatzen zituzten.

Honetaz gain, hainbat arau bete behar zituzten. Esaterako, kofradiako kide bat hiltzen zenean, gainontzekoak behartuta zeuden mezara joatera eta baita bederatziurrenera ere. Gainera, elizan kandela bana ipini behar zuten, besteak beste.

Bestalde, guztiek zuten urteroko mezara, batzarrera eta bazkarira joateko obligazioa. Ez joateko pisuzko arrazoi bat eman edo ordezkoren bat bidali ezean, isun bat ordaindu behar zuten.

Kofradiaren Gainbehera

Baina pixkanaka galdu egin dira ohitura zaharrak eta orduan kofradiak zuen zentzua. Azken urte hauetan urteroko meza, batzarra eta bazkaria egitera mugatzen da San Sebastian eguneko hitzorduan. Hiru taldek osatzen dute kofradia eta urtero urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, meza egiten dute, eta bertan elkarteko kideek bereziki prestatutako santuaren omenez ereserkia abesten dute. Ondoren, sakristian batzarra egiten dute kide guztiek. Bertan, kofradiako partaideen zerrenda irakurtzen dute, kontuak egiten dituzte eta talde bakoitzeko ordezkarien aldaketa egiten dute (urteko kuotak kobratzea izaten da bere ardura).

Bazkaria

San Sebastian eguna, asteguna izan arren, jai kutsua eman nahi izaten diote urtero kofradiako lagunek, horregatik bazkari batekin borobiltzen dute ospakizuna. Udaleko idazkariak betetzen ditu kofradiako idazkari lanak ere, eta berak esan digunez urtero menu berbera izaten dute.

Orain, jauntxorik ez dago kofradian eta garai bateko arropak, kandelontziak eta gainontzeko tresnak desagertu egin dira. Dena dela, usadioaren parte bati eusteko bada ere, aurten berriz elkartu dira San Sebastian kofradiakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak