Maala eta Salbador kaleko proiektuak: herritarren proposamenak jasoko ditu Udalak

Joan zen asteburuan ikusgai ipini zituzten, Maalan eta Salbador kalean egin asmo dituzten proiektuen planoak. Orain hilaren amaierara arteko epea izango dute elgetarrek Udalera proiektu hauen gaineko euren proposamenak bidaltzeko.

Horretarako hiru modu izango dira:

1-. E-posta bidez: elgeta@udal.gipuzkoa.net

2-. Eskutitz bidez: Udal bulegoetara bidalita.

  • Mendizaleen enparantza 1,
    20690 Elgeta (Gipuzkoa)

3-. Inprimaki bat betez: Udaletxeko idazkaritzan.

Bestalde, Udaletik jakinarazi digutenez, joan den asteburuan aukerarik izan ez zutenendako datorren abenduaren 20an eta 21ean berriz izango direla ikusgai proiektuak.

Maala

Maala ingurua konpontzea da proiektu hauetako baten helburua. Horretarako, parke edo jardin modura egokituko dute. Bertan bankuak, zuhaitzak, ziburuak, iturria... izango dira. Gainera, Plazatik Espaloia aretora doan bidea ere egokitzeko asmoa dago, baita inguru horretan paseoa egiteko ere, noizbait San Roke ostera luzatzeko asmoz. Bestalde, oraindik lekua zehaztu gabe egon arren ermita bat ere ipiniko dute Maalan.

Salbador

Orain dela urte asko San Roke kalean egin zuten bezala, Salbador kalean ere azpiegitura guztia (kableak, hodiak...) lur azpitik sartzeko asmoa dago, baita argiztapena berritzekoa ere. Bestalde, espaloiak kendu eta bide guztia maila berean ipiniko dute proiekturen arabera. Noizbait kalea oinezkoendako bakarrik izatea da Udalaren nahia, baina horretarako saihesbidea egin behar da. Salbador kalearen hasieran dauden aparkalekuak kendu eta gune hori ume zein helduak lasai ibiltzeko lagako dute.

Salbador kaleko lanen kostua 378.613 eurokoa da eta Maalako parkearena, 289.996 eurokoa. Proiektuak udaletxean ikusi eta proposamenak egiteko aukera dago hilaren 30era arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.