Hilerrian leku berrien egokitzapena

Hilerrian lurperatze berriak egiteko leku gabe geratzen dihardute Elgetan. Hori dela eta egokitzapen lanak egiteko asmoa azaldu du Udalak. Horretarako, ordea, orain lurperatuta daudenen senitartekoei jakinarazi diete lanean hasi aurretik.

Kanposantuan hilobiratze berriak egiteko egokituko duten lekua ekialdeko hormaren eta pasabidearen arteko lur saila da. Izan ere, hiru edo lau toki baino ez dira geratzen orain. Lanak noiz zehaztu ez badute ere aurki hastekotan dira, baina horretarako aurrez bertan dauden gurutzeak zein hilarriak kendu behar dituzte.

Senideei abisua

Senideei hori jakinarazteko gutun bat bidali zieten Udaletik eta azaroaren 14ra arteko epea izan zuten gurutzeak, hilarriak, argazkiak zein hezurrak jaso nahi dituenak horren berri udaletxean emateko. Baina lanak oraindik hasteke daudenez, horretarako garaiz dabiltzala esan nahi dute.

Hezurrak

Garbiketa eta lurren egokitzapena egin ahala emango dizkiete senideei bakoitzaren hilobitik kendutakoak. Hezurrak beste nonbaitera eraman edo erre nahi dituztenek, ordea, bertan izango dituzte toki hori behar izan eta bertatik erretiratzen dituzten artean. Lanak aurki hasiko dituztenez interesatuek lehenbailehen jo beharko dute udaletxera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.