Autobus gehiago eskatu dituzte herritarrek

Garraio publikoaren arazoa zenbaterainokoa zen ikusteko herritarren artean galdeketa zabaldu zuen Elgetako Udalak. Erantzunak jasotzeko epea amaituta, ehunetik gora orri batu dituzte udaletxean, eta emandako erantzunak askotarikoak izan dira.

Inguruko herrietara joateko autobus zerbitzua oso urria da elgetarren ustez. Bergara eta Eibarrera joateko egunean, linea arruntean, bi autobus baino ez dira pasatzen eta ordutegia ez da herritarrentzat egokiena.

Hori dela eta, garraio publikoaren gaineko galdeketa egin zuen Udalak eta elgetarrek emandako erantzunak askotarikoak izan badira ere, hiru multzotan banatu dituzte: batetik, enpresetara joaten den jendea dago. Horiek goizean goiz, lantokira joateko zein gaueko txanda egin ostean, etxera bueltatzeko behar dute autobusa, baita eguerdian eta iluntzean ere. Eskaria Elgeta eta Eibar arteko bidea egiten duten langileena da batik bat.

Ikasleak ere autobus eske

Bigarren taldean ikasleak daude. Egunero Bergarara joaten diren bederatzi ikasle daude Elgetan. Goizeko 08:00etarako eskolan egon behar dute eta bueltatu, berriz, eguerdiko 14:30ean egiten dira. Iaztik hona ikasleen kopuruak behera egin du; horrenbestez, bakoitzak ordaindu beharreko kopurua igo egin da. Hori dela eta, Udalak, arazoa konpondu bitartean, ikasleei hilean 5.000 pezetako diru laguntza ematea erabaki du, urtea amaitu artean lehenengo eta baliteke otsailera arte luzatzea.

Irtenbide bila

Azkenik, Bergarako eta Arrasateko osasun etxeetara joateko ere oztopo da garraio publiko zerbitzu egokirik ez izatea. Izan ere, medikuarekin txanda goizeko lehen orduan izanez gero, joateko bada autobusik, baina bueltarako eguerdiko 14:00ak arte egon behar da zain. Arrasatera joateko, aldiz, ez dago zuzeneko zerbitzurik.

Arazoari irtenbidea aurkitu nahian eta herritarrek garraio publikoaren gainean dituzten kezkak azaltzeko, Patxi Basauri Elgetako alkatea eta Antzuolako alkatea Foru Aldundiko garraio arduradun Kote Olaizolarekin elkartu ziren joan zen astean.

Arazoa aztertzeko eskatu zioten, eta behin irtenbide bat ematekotan sakona izan dadila exijitu. Izan ere, alkateen ustez, ez litzateke ezer lortuko autobus zerbitzu gutxi batzuk gehituta, herritar guztien nahi eta beharrei erantzun behar zaie-eta.

Horretarako, bi herri horietan garraio publikoaren plan pilotua egiteko proposamena egin zioten. Hala, Foru Aldunditik gai horri buruzko erantzuna bi aste barru jasoko dute.

Bitartean, herritarrek orain arteko autobus zerbitzu berbera izango dute, eta lehen bezala moldatu beharko dute.

Eztabaidan ere eman dezakezu honen gaineko iritzia

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.