Aloña Mendik irabazi du Arrasateren aurkako derbia, intentsitate handiko partida batean

Gontzal Belategi Zubia

Aloña Mendi erasoan, gaurko derbian.

32-27 nagusitu zaio Onnera Group Aloña Mendi Arrasate Eskubaloi taldeari, Zubikoan jokatu duten derbian. Lehia eta intentsitatea izan dira nagusi partida osoan zehar.

Intentsitate handiko partida espero zen gaur Zubikoako kiroldegian, eta aurreikuspenek ez dute hutsik egin. Dena emateko prest kantxaratu dira Onnera Group Aloña Mendi eta Arrasate Eskubaloi taldeak; eta gol zein aurkariaren hutsegite bakoitza hil ala biziko kontua bailitzan ospatu dituzte.

Lehia nagusi partida osoan zehar

Bi taldeetako kapitainek ere partidan ikusitako lehia eta intentsitatea nabarmendu dute. "Bagenekien derbi oso intentsoa izango zela eta partida defentsan irabaziko zela. Uste dut erasoan zein defentsan ondo ibili garela" adierazi du Aloña Mendiko kapitain Beñat Biainek. "Derbiak beti dira derbi. Zubikoara etorri gara eta harmailak goraino zeuden, oso intentsoa izan da hasieratik bukaerara, eta zoritxarrez, beraiek gu baino gehiago izan dira uneoro", azaldu du Arrasate Eskubaloiko kapitain Eki Letonak.

Aloña Mendi nagusitu den arren, oso berdinduta hasi da partida, eta aurkarien golari beste gol batekin erantzun diote bi taldeek. Jokalari guztiak kontzentratuta eta partidan sartuta ikusi dira hasieratik, baina, lehen zatiaren erdian Aloña Mendik pauso bat eman du aurrera, eta markagailuan 13-10ekoarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian dinamikak bere horretan jarraitu du, eta arrasatearrek amorerik eman ez duten arren, ezin izan diote aurre egin etxeko taldeari, eta 32-27ko emaitzarekin amaitu da partida. Bigarren zati honetan lehiak ez du etenik izan, eta intentsitate hori bi minutuko kanporaketetan itzuli da. Ugariak izan kanporatutako jokalariak, talde batean zein bestean, eta txartel horiak ere ikusi dira zati honetan.

Arrasateko taldea izan da nagusi azken derbietan, eta Aloña Mendiko kapitaina pozik agertu da egoerari buelta ematearekin: "Arrasatek irabazi ditu azken derbiak, baina, esango nuke oso bolada onean heldu garela partida honetara, eta hori ikusi dela". 

Ekaitzaren ostean, barea eta afaria

Kantxan lehia eta intentsitatea nagusitu ohi diren arren, bertatik kanpo harreman ona dute bi taldeek eta ugariak izaten dira hauen hartu-emanak. Gaurko derbia ez da gutxiago izan, eta kantxan gertatutakoak kantxan utzita, elkarrekin afaltzera joango direla azpimarratu du Letonak: "Harreman ona daukagu. Orain batera afaltzera joango gara eta partidan gertatutakoak ahaztuko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak