Hain zuzen ere, 17.028 Arrasaten, 11.133 Bergaran, 8.818 Oñatin, 5.583 Aretxabaletan, 3.237 Eskoriatzan, 1.634 Antzuolan, 1.107 Aramaion, 868 Elgetan eta 165 Leintz Gatzagan. Horiez gain, atzerrian bizi diren 2.092 debagoiendarrek aukera izango dute posta bidezko botoa emateko.
Hauteslekuei dagokienez, bailaran banatuta egongo diren hogei hautesleku eta 80 hauteskunde-mahai jarriko dituzte: sei Arrasaten –30 mahai–, bost Bergaran –17 mahai–, hiru Oñatin –15 mahai–, eta Elgetan, Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan, Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan hautesleku bana egongo da. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara egongo dira horiek zabalik botoa emateko.
2023ko hauteskundeetako datuekin alderatuz, botoa ematera deituta dauden debagoiendarren kopurua ia berbera da –45 debagoiendar gehiago–. Hala ere, igoera nabarmena gertatu da atzerritik botoa ematera deituta dauden debagoiendarren artean: 1.620 izan ziren 2023an, eta 2.092 izango dira aurten; %29,14eko igoera, hain zuzen ere.
Hego Euskal Herrian 2.344.799 lagun daude deituta botoa ematera –Gipuzkoan 597.859, Araban 267.325, Bizkaian 959.702 eta Nafarroan 519.913–, orain dela lau urte baino %1,55 gehiago, eta horietatik 94.391 herritarrek eskatu dute posta bidezko botoa: Gipuzkoan 23.548k, Araban 10.078k, Bizkaian 39.868k eta Nafarroan 20.897k. Posta bidez bozkatzea eskatu dutenen kopuruak nabarmen egin du behera, %63,98 hain zuzen ere; 2023an uztailean izan ziren hauteskundean eta 262.086 herritarrek eskatu zuten Hego Euskal Herrian.
Hamaika zerrenda Gipuzkoan
Bi boto eman ahal izango dira: bata, zuria, Kongresurako botoa; eta bestea, laranja, Senaturakoa. Espainiako Gorte Nagusietarako eserlekuak daude jokoan, bai Espainiako Kongresukoak eta baita Senatukoak ere eta Gipuzkoan hamaika zerrenda aurkeztu dira. Kongresurako 350 eserleku aukeratuko dira eta denera 23 aterako dira Hego Euskal Herritik –Gipuzkoatik 6, Bizkaitik 8, Arabatik 4 eta Nafarroatik 5–.
Jarraipen berezia Goienak
Espainiako hauteskundeei jarraipen berezia egingo die Goienak domekan, botazio egunean: goizean goizetik, hauteslekuak irekitzen direnetik, gauera arte, emaitzak jakin ostera arte. Goiena.eus atarian hauteskundeen emaitza guztiak izango dira egunean bertan: herrikoak, eskualdekoak, lurraldeetakoak eta Espainiakoak.