Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen, eta, hain zuzen, hori landu zuten Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioan. Zenbakiek agerian uzten dute arazoaren dimentsioa, baina baita haren konplexutasuna ere: indarkeria ez da desagertzen ari, askotariko formak ditu eta gizartearen egituran errotuta jarraitzen du.
Indarkeria kasuak eta biktimak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak martitzenean zabaldutako datuen arabera, 2026an, urrira arteko datuak kontuan hartuta, emakumeen aurkako indarkeria kasuak %11 igo dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Iazko epe berarekin alderatuta, 671 kasu gehiago erregistratu dira. Guztira, 6.645 kasu izan dira EAEn; horietatik 2.102, Gipuzkoan. Biktimei dagokienez, 5.247 emakume izan dira EAEn, iaz baino 437 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 1.682, aurreko urtean baino 139 gehiago. Aurten, urrira arte, ez dute emakumerik hil, baina hilketa edo erailketa egiteko lau saiakera erregistratu dira. Bestalde, EAEn, Gipuzkoan eta Debagoienean 10.000 biztanleko egon diren indarkeria kasuen tasa ikusi daiteke taulan. Leintz Gatzagan eta Arrasaten indarkeria tasa Gipuzkoan baino handiagoa da, eta beste muturrean Antzuola eta Oñati daude.
Guztira 6.645 kasu izan dira EAEn urtarriletik urrira arte
Erregistratutako kasuen gorakadak, ordea, ez du esan nahi indarkeria gehiago dagoenik; hala dio Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendari orokorrak. Argitu du salaketa gehiago jartzeak eta baliabide gehiago egoteak ere eragina izan dezaketela datuetan: "Gizartea sentsibleago da; gainera, zerbitzu eta baliabide gehiago daude, kasu gehiago ezagutzen ditugu". Kasu gehiago ezagutzea "positiboa" bada ere, ohartarazi du ezagutzen dena "icebergaren punta besterik ez" dela. Halaber, indarkeria matxista egiturazko arazoa dela azpimarratu du, eta ados dago Martxanterak taldeko kide Maite Aristegi. Zera dio azken horrek: "Emakumeok kontrolpean izan nahi gaituen gizarte eta kultura batean bizi gara".
Indarkeriaren hamaika aurpegi
Indarkeria matxista ez da kolpeetara mugatzen. Aristegik eta Guerreras taldeko Montse Garciak indarkeriaren adierazpide aniztasuna azpimarratu dute: ekonomikoa, instituzionala, bikarioa, sexuala, fisikoa eta psikologikoa, besteak beste. Garciaren arabera, indarkeria mota horiek ez dira elkarrengandik isolatuta gertatzen; askotan, elkarri lotuta agertzen dira. "Biolentzia psikologikoarekin hasten da, normalean, eta ostean, fisikoa, ekonomikoa… gainontzeko guztiak datoz", azaldu du. Aristegik, bestalde, arrazakeriak eta sexu-disidentziak eragindako indarkeria ere aipatu ditu. Izan ere, indarkeria matxistak aurpegi eta adierazpide ugari dituela diote, eta horietako asko "ez dira erraz identifikatzen".
Urteetan bizitako bilakaera
Datuen bilakaerari erreparatuta, egindako aurrerapenak ez dira nahikoa izan arazoa desagerrarazteko. 2022an, 6.143 indarkeria kasu erregistratu ziren EAEn; hiru urte geroago, 2025ean, 7.119 izan ziren, ia mila gehiago. Gipuzkoan ere goranzkoa izan zen joera: 2.008 kasu erregistratu ziren 2022an, eta 2.289 2025ean. Babes-aginduen bilakaerak ere goranzko joera erakusten du. 2017an, 1.471 babes-agindu ezarri ziren EAEn; 2021ean, 1.514, eta 2025ean, berriz, 1.924.
Datu horiek guztiek arazoaren tamaina erakusten dute, baina, hortik harago, Guerreras taldeko kideek ezagutzera eman dute ia astero jasotzen eta artatzen dituztela Debagoienean indarkeria matxista jasan duten emakumeen deiak.
2025ean 1.924 babes-agindu ezarri ziren
Gazteak eta indarkeria
EAEn, erasotzaileen %27,9k 30 urte edo gutxiago dituzte. 2025eko datuen arabera, 14 urtetik beherako 39 erasotzaile erregistratu ziren; 14 eta 17 urte artekoak, 119; 18 eta 20 urte artekoak, 182; eta 21 eta 30 urte artekoak, 972. Erasotzaile kopuru handiena, hala ere, 31 eta 40 urte artekoen artean dago: 1.254.
"Gazteak gure gizartearen, balioen, hezkuntzaren eta kulturaren emaitza dira", adierazi du Elgarrestak. Horregatik, arazoaren atzean dauden faktoreak aztertu behar direla uste du. "Belaunaldi berriak ingurune digitalean hezi dira, eta espazio hori haien errealitatearen parte da; kontsumitzen dituzten eduki asko ez dira egokiak". Horren harira, hezkuntza indartzea ezinbestekotzat jo du, ikastetxeetatik harago. Hauxe dio Guerreraseko kide Nuria Jimenezek: "Normalak ez diren gauzak normalizatzen ari dira gaztetatik. Informazio gehiago badago, baina horrek ez du esan nahi informazioaren erabilera ona denik".
EAEn, erasotzaileen %27,9k 30 urte edo gutxiago dituzte.
Fokua, erasotzaileengan
Indarkeria jasaten duten emakumeek, Guerreras taldeko kideen arabera, indarkeriaz gain, sarritan, gizartearen, poliziaren eta epaileen zalantzei eta epaiari ere aurre egin behar izaten diete. Biktimak kuestionatuak izaten direla salatu dute, eta Aristegik ere kezka bera azaldu du: emakumeei sinetsi beharrean, erasotzaileak legitimatzeko joera dagoela.
Indarkeria matxistari aurre egiteko aldaketa sakonak behar direla nabarmendu dute saioan parte hartu duten ahotsek. Guerreras taldeko kideen arabera, genero-ikuspegia bizitzako esparru guztietan txertatu behar da. Aristegik kezka du emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten diskurtsoen eta joera erreakzionarioen gorakadaren inguruan. Haren esanetan, horrek arriskuan jar ditzake hamarkadetan egindako lanaren ondorioz eta ahalegin handiz eskuratutako lorpenak.