Iñaki Zabaleta:"Tokiko hedabideek komunitatea egiten dute; sarea sortzen dute"

Guaixe Fundazioa

Iñaki Zabaleta Urkiola. (ARGAZKIA: NAFARPRES)

Leioako EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean irakaslea eta ikertzailea da Iñaki Zabaleta Urkiola eta Informazio basamortuak hitzaldia eman zuen Nafarpresek antolatutako  jardunaldietan. Tokiko komunikabideen garrantziaren inguruan hitz egin zuen, baita azken urtetan egiten ari den hizkuntza gutxituen eta tokiko komunikabideen inguruko azalpenak eman ere. 

Nafarpres Nafarroako Tokiko Prentsaren Elkartearen Arruazun izandako jardunaldietan eta sari banaketan, Iñaki Zabaleta Urkiolak Informazio basamortuak hitzaldia eman zuen. Sortzez leitzarra, gazte garaiak eta Irurtzunera edo Lekunberrira egindako bidaiak gogoratu ditu. Duela 40 urte Bilbon bizi da, eta Leioako EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean irakaslea eta ikertzailea da. Nafarpres sarietako epaimahaikidea ere bada, eta elkartearen lana nabarmendu du. Tokiko komunikabideen garrantzia izan zuen hizpide, eta azken urtetan egiten ari den hizkuntza gutxituen eta tokiko komunikabideen inguruko azalpenak eman zituen. 

Zer da informazio basamortu bat? 
Basamortu hitz horrek esan nahi du herri, eskualde edo hiri batean ez dagoela bertan egindako hedabiderik; bertan landu eta bertan argitaratutakoa. Hori da informazio basamortua. 

Zer motatako hedabidea izan behar du? 

"Bertan sortua, bertako kazetariekin eta bertan egina; horrek ematen dio indarra eskualdeari"

Tokiko hedabidea; bertakoa. Esaterako, behar da Sakanako hedabide bat; irrati bat, aldizkari bat. Herri batekoa edo eskualde batekoa. Falta bada bertako komunikabidea, bi edo batzuk izan daitezkela, informazio basamortua da. Beste periodikoak egoten dira, Diario de Navarra edo Diario de Noticias, eta argitaratzen dituzte Sakanako berriak, baina ez da berdin. Sakanan sortu, bertan dauden periodistek landua eta komunikabidea bertan egina eta argitaratua izan behar da. Horrek ematen dio indarra herriari eta eskualdeari. Ez da berdina kanpoko komunikabide batean bertako informazioa egotea. 

Zer baldintza bete behar dira informazio basamortu bat ez izateko? 

"Ez da berdina bertako informazioa ematea edo tokiko komunikabidea izatea"

Informazio basamortuak identifikatzeko eta zehazteko ezaugarri hauek ditu: informazio basamortu batean ez dago bertako hedabiderik. Bigarrena, ez dago tokiko informaziorik; ez da bertako politikaz, ekonomiaz, herri edo eskualdeko bizitzaz eta kulturaz hitz egiten. Gauza bat da bertako komunikabidea, Sakanaren kasuan Guaixe, eta beste gauza bat Sakanaren inguruko informazioa argitaratzea; informazioa argitaratu daiteke beste komunikabidetan, baina ez da gauza bera. Hirugarren aldagaia da ez dagoela bertako kazetari profesionalik. Eta laugarrena da tokiko informazioaren jarraikortasunik ez izatea. Nolabait modu erregular eta sistematikoan ez dela ematen. Tarteka marteka kanpoko hedabide batek egin dezake Sakanari buruzko informazioa eman, baina jarraitasunez eta sistematikoki modu erregularrean eman behar da. Beraz, informazio basamortu bat izendatzeko, ez dago bertako hedabiderik, bertako bizitzari buruz informazioa ez da modu sistematikoan argitaratzen eta ez dago kazetari profesionalik. Horiek dira baldintzak. 

Amerikako Estatu Batuetako egoera ikertu duzu. Zein da? 
Kezkagarria benetan. Asko hitz egiten da The New York Times, CNN eta hainbat hedabide handiez. Baina bertako eskualde, herri, hiri eta han deitzen dioten konderri, kondadu edo country-etan, eskualde handietan, ez dago hedabiderik. 200 konderrietan ez dute bertako egunkaririk, eta 1.500 konderrietan hedabide bakarra dago. Horrek esan nahi du, horren ondorioz 15 milioi pertsonak ez daukala bertako hedabideen informazioa. Hori da AEBtako populazioaren %16. Informazio basamortu batean bizi dira. Telebista orokorra dute, esaterako, baina ez da tokikoa. Kontuan izan behar dugu AEBtan 342 milioi biztanle daudela, eta %16 informazio basamortu batean bizi dira. The New York Times, The Washington Post eta horrelako hedabide generalistak mila inguru dira. 

Zer ondorio ekar ditzake informazio basamortu bat izatea edo bertan bizitzea? 

"Komunitatearen barruan sartzen dira ekonomia, kultura, kirola, harremanak eta zaintza"

Sortzen dituen ondorioak oso kaltegarriak dira. Ez dirudien arren, hau da, batzuk esan dezakete: ez da ezer gertatzen, hor badugu telebista bat, badugu irratia... Euskal Irratia, RNE, El Mundo, El Pais edota gertuagokoak Diario de Noticias. Baina ez da berdin. Bi mundu dira. Bertako tokiko hedabideak ez izateak ekartzen dituen ondorioak dira bertako kultura, kirola, politika, ekonomia eta jendearen komunitatea ez egitea. Identitate propio hori izugarri ahuldu egiten da. Komunitate hitzarekin dena lotzen da. Komunitatearen hitzaren barruan ekonomia propioa, kultura propioa, kirola, giza harremanak eta elkar zaintza sartzen dira. Eta identitatea. Horiek guztiak indartzen ditu tokiko hedabide batek. Izugarrizko kalteak izan ditzake. 

Tokiko hedabideak ezinbestekoak dira? 
Informazio basamortuak egiten duena da hori guztia desagertzea. Badirudi tokiko hedabide bat desagertzean ez dela ezer gertatzen. Baina Guaixe Fundazioa eta abarrek izugarrizko garrantzia daukate bertako herrialdetan, eskualdetan eta herrietan. Ekosistema da kontzeptua. Sistema hitza zabalago hartuta. Elkar elikatu egiten dute, elkarrekin interakzioa egiten dute. Irratiak paperezkoa osatzen du, paperezkoak jendea elikatzen du... Elkartruke bat ematen da, interakzioa. 

Zer egin daiteke informazio basamortuak ekiditeko? 
Funtsezkoa da komunitatea izatea eta komunitate hori zaintzeko gogoa izatea. Bertako jendea biltzea eta hedabide bat sortzeko ahalegina egitea. Proiektu bat. Proiektu hori oso zaila da ekonomikoki babestea eta mantentzea modu komertzial batean, orduan, funtsezkoa da instituzio eta erakunde publikoek, gobernuek eta udalek finantzaketa bat ematea, eta merkataritzak eta bertako jendeak kolaborazio sare bat osatzea. Horiek guztiak proiektu zabal batean biltzea. Baina ezinbestekoa da finantzaketa publikoa nabarmentzea. Nik kalkulatzen dut %50 gutxi gora behera finantzaketa publikoa izan behar dela. Egiten ari naizen ikerketa portzentajea zertxobait gutxiago da, baina hortik gora bermatu beharko litzateke. Ez litzateke laguntza bat bezala ikusi beharko; inbertsio bat da. Tokiko hedabideak inbertsio bat dira. 

Ikerketa egiten ari zara. Zein puntutan zaude? 
25 urte daramatzat ikerketa proiektu batean. Erraz esaten da. Ikertzen ari gara Europako hizkuntza gutxituen komunikabideak alderdi askotatik: zenbat komunikabide, zer finantzaketa daukaten, zenbat kazetari, zenbat kazetari emakume eta gero zer hedabide mota dauden, zer eduki motakoak, orokorrak diren, tokikoak... Audientziak ere ikertu ditugu. Artikulu asko argitaratu ditugu, euskaraz ere,baina batez ere nazioarteko aldizkarietan. Hori azken 25 urtetan. Eta azken hiru urtetan ari naiz proiektu guztia berritzen: zein da oraingo egoera Europako hamaika hizkuntza gutxituen komunikabideetan. Hamaika dira ikertzen ditudan hizkuntzak eta komunikabideak: euskara, galegoa, katalana, korsikar, bretoia, frisiera (Holandan), eskoziarra eta samia (Laponiakoa), eta okzitaniera ere sartu dut. Ari naiz hizkuntza horien komunikabideen errealitatea ezagutzen, eta horretarako zortzi edo bederatzi bidaia egin ditut. Bidaia gogorrak izaten dira, trena, autobusa, elkarrizketa egin eta bueltatu. Katalunian hiru aldiz egon naiz, Galizian, Korsikan, Okzitanian, Bretainian, Irlandan, Galesen, Frisian... Gutxi gora behera aste bat pasatzen dut bertako komunikabideetako kideekin hitz egiten, bertako hizkuntzaren erakundeekin biltzen naiz eta galdetegiak pasatzen dizkiet. Telefonoz eta e-postaz ere aritzen naiz haiekin. 

Iñaki Zabaletaren hitzaldia Nafarpres jardunaldietan, Arruazun. (ARGAZKIA: NAFARPRES)

Zein interesetik sortu zen ikerketa egiteko nahia edo beharra? 
Gu abertzaleak gara, eta abertzale modura nahi dugu euskara eta euskarazko komunikabideak indartzea. Zer gertatzen da unibertsitate mailan? Ikertzaile gehienek egiten dutela bakar-bakarrik hizkuntza bateko komunikabideak ikertu: Irlandakoak irlanderazko komunikabideak ikertuko ditu, Eskoziarrak gaeliko komunikabideak... Guk duela 25 urte ikusi genuen beste Europa bat behar genuela; ez Espainia, Frantzia edo Alemaniaren Europa. Baizik eta behar genuela hizkuntza gutxituen Europa. Baina ez zegoen ikerketa konparatiborik, eta lagunei proposatu nien: egin dezagun ikerketa konparatiboa eta sistematikoa. Hizkuntza gutxituak gutxienez komunikabide elebakar minimoa daukatenak. Bat edo bi. Horiek dira ekartzen ditugunak. Esan bezala, Euskal Herria maite dugu, euskararen garapenagatik lan egiten dugu, eta ikerkuntza akademiko ofizialean ingelesezko artikulu akademikoetan Europako kazetaritza eta komunikabideak agertzen dira; dena ponposoa da. Estatuen ikerketa egin da. Guk beste Europa bat planteatu genuen. Artikulu asko argitaratu ditugu ingelesez gehienbat, nazioarteko aldizkari handietan urte hauetan esanez beste Europa bat dagoela, eta hori ikustera emateko. Aurreko taldearen laguntzarekin proiektu horretan ari naiz orain; errealitate hori guztia gaurkotzen. Nola dagoen orain, 2026an, digitalizazioaren garapen handi honetan. 

25 urtetan asko aldatu da egoera, hedabideak eta kazetaritzaren mundua. 
Lehendabiziko artikulua 2009an argitaratu genuen: Zein da Europako hizkuntza gutxituen egoera, eta datuak eman genituen. 2015 edo 2016an berritu genituen datuak. Eta orain hamar urte pasa dira. Ikerketa hau hiru urte hauetan egiten ari naizena, datuak aurtengoak dira. Zenbat komunikabide, irrati, telebista, periodiko eta aldizkari dauden, eta zein da beraien digitalizazio maila. Hori guztia ari naiz ikertzen. Datuak ateratzen eta ikerketa idazten ari naiz. Lehendabizi euskaraz argitaratuko dut eta gero ingelesez Europari esateko: hau da errealitatea. Argitaratzearen mundua oso zaila da. Irakasleok eta ikertzaileok egiten duguna da ikertu. Ez da erraza. Hizkuntza gutxituetan argitaratzeko, katalanez edo galegoz, esaterako, liburu osoa argitaratzea ez, baina bai liburuaren laburpen eta emaitza nagusiak argitaratuko ditugu. Aurkezpenak egin nahi ditut ere; Katalunian, Nafarroan (Iruñean edo Sakanan izan daiteke ere), Bizkaian... Katalunian dagoeneko eskatu didate aurkezpena egitea bertako hedabideetako zuzendariekin harreman handia daukadalako; datuak bilatzen asko lagundu didate. Irlandan, Frisian eta abar ere harreman handia egin dut bertako komunikabidetako zuzendariekin eta haiek ere eskatu dizkidate emaitzak, beraiendako garrantzitsua delako egoera zein den ezagutzea. Ikertzaileek egiten duguna da datu horiek jaso, baina komunikabidetako koordinatzaileek ez dituzte datu horiek ezagutzen. Orduan, datuak pasatzeko eskatu didate. 

Zein da Euskal Herriko egoera? 

"Hizkuntza gutxitu batek ez badu tokiko komunikabiderik, gaizki dago; hemen egoera ona da"

Euskarazko komunikabide elebakarren egoera ona da. Gaur egun euskaraz 118 hedabide daukagu. Orain dela hamar urte 124. Kopurua galdu dugu baina lehen herriz herriko aldizkariak zirelako (Elgoibarko aldizkari bat, Bergarako aldizkari bat...), eta batu egin dira. Eskualde mailako multimedia proiektu bat sortu dute. Gutxitu da, baina beste planteamendu bat egin dute. Izugarri da Euskal Herrian dagoen indarra eta euskararen eta euskararen herriaren aldeko kontzientzia soziopolitiko eta kulturala. Klabea da edozein hizkuntza gutxituetan tokiko hedabideak dezente eta sanoak izatea, indartsuak. Hizkuntza gutxitu batek ez badu tokiko komunikabiderik gaizki dago. Ez da bakarrik faktore hori, baina garrantzitsua da. 

Kataluniakoa egoera idealena da, ezta? 

"Katalunia da erreferentziazko egoera; ikertutako komunikabideen %70 katalanez dira"

Katalunian 947 komunikabide elebakar dituzte. Izugarria da. Irlanda beti gure erreferentzia izan dela gauza askotan, kasu honetan egoera penagarria da. Irlandako gobernuak dio milioi bat direla hiztunak; nire datuen arabera, zentsuan oinarritu naiz, 840.000 hiztun dira, eta bertako telebistako zuzendariak esan zidan 250.000 direla. Dena dela, haien komunikabideen kopurua oso tristea da. Oso gutxi dira. Egoera hori ez da erreferentziazkoa. Bestetik, Katalunia ikertutako hamaika hizkuntza horietatik %70 hartzen du. Mila baino gehiago komunikabide ditut zenbatuta, %70 katalanez eta beste %30 beste hizkuntzetan. Guretzako garapen handia eta erreferentzia Katalunia da. 

Hizkuntza gutxituak ezinbestekoak dira tokiko komunikabideendako, eta alderantziz? 
Guztiz. Elkar elikatzen dute. Ekosistema sortzen dute. Elkarri laguntzen diote. Tokiko hedabideek komunitatea egiten dute; sarea egiten dute: ekonomikoa, kulturala, soziala herri mailak... Horrek kontzientzia bat ekartzen du. Komunikabide generalistak orokorrak dira. Horiek ere elkar elikatzen dute. Katalanezko hedabideak 946 dira, eta %76 lokalak. Galizian %58 eta Euskal Herrian %65. 

Etorkizunean zer? 

"Tradizionala eta digitala nola konbinatu da gakoa; paperezkoak beste funtzio bat du"

Hemen ardatza dago nola konbinatu tradizionala eta digitala; trantsizioa nola egin. Paperezkoa eta webgunea eta sare sozialak nola egin lana elkarrekin. Hor dago gakoa eta hori ere ikertzen ari naiz. Nik uste dut euskarazko komunikabideak gogoeta serioa egiten ari direla gai horretan eta urrats handiak ematen. Proiektu multimediak egiten ari dira. Digitalean indarra jarriz eta paperezkoari beste funtzio bat ematen. Otsailean Galizian egon nintzen eta NÓS egunkarian elkarrizketa bat egin zidaten, paperezkoan eta Interneten ere publikatu zena. Galdetu zidaten ea nire iritziz, eta iritzia da, paperezko egunkariek etorkizuna ba ote duten. Eta nire ustez hurrengo hamar urte hauetan paperezkoak iraungo du. Batzuk dira digitalaren oso jarraitzaileak eta dena digitalean nahi dute. Baina betiko hedabide tradizionalak oraindik bere tokia dauka, eta urteetan izango du. Telebista, kasu, plataformak sartuko dira, baina betiko kanalak mantenduko dira. Horien edukia gero Interneten ikusi ahalko dugu. Komunikabide tradizionalek oraindik bidea dute, eta ez da bide txarra. Oraindik ere paperezko eta irratizko publizitatea jartzen da. Digitaletako publizitate sarbidea oraindik gutxi da. Paperezkoek bizitza luze xamarra dute, baina beste funtzio batean. Beste funtzio sozial bat ere betetzen dute; kafetegietan paperezko egunkariak izatea inportantea da. Irakurle asko izaten dituzte. Bilbon gehienetan ikusten dudana El Correo da, espainiolzale eta kontserbadorea. Baina ez dira Gara edo Berria egotean, eta beraz, gizartearen sare hori, iritzia, Correoren bidetik egiten da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak