Literatura, estereotipoak apurtzeko lagungarri

Hasier Larrea

Ikuspegia zabaltzeko eta gizatasunaren konplexutasunera hurbiltzeko balio du literaturak. Trans pertsonak protagonista diren liburu garaikideetan, pertsonaiek euren motibazioen, desiren eta aukeren arabera jokatzen dute, eta irakurlearengan enpatia sorrarazi. 

Estetika eta sormen aldetik, trans literatura oso berritzailea da. Formarekin jokatzen du, esaterako, autofikzioa, saiakera eta poesia nahasteko lizentziak hartuta; bitartasun linguistikoari ihes egiten dio; eta hizkuntza bera plastikoago, askeago eta inklusiboago bihurtzen du.

Halako patroiei men egiten diete ondoko bost irakurgaiek: Malena Gonzalez sexu-hezitzailearen gomendioak dira lehen biak; Arantzazu Ibarrondo Oñatiko udal liburutegiko arduradunarenak, hurrengo biak; eta Asun Agiriano Arrasateko udal liburutegiko arduradunarena, bosgarrena. 

Azken horrek balioa eman dio aukeratu duen liburuaren idazlea –Miquel Misse– ezagutu ahal izanari: "Berdintasun Sailak antolatutako ikastaro baten harira izan zen, eta sekulako arrastoa utzi zuen nigan. Haren obraren jarraitzaileak gara orain".

'MOIO: GORDETZEA EZINEZKOA ZEN'

• Egilea: Kattalin Miner.

• Argitaletxea: Elkar (2019).

• Generoa: testigantza-literatura.  

Gutxi idatzi da euskal queer memoriaren inguruan, eta hutsune hori betetzera dator Kattalin Minerren Moio: gordetzea ezinezkoa zen, Aimar Elosegiren bizitza eta heriotza kontatzen duen liburua. Bidean, gure jendartean tabua den beste gai bat mahaigaineratzen du: suizidioa.

Liburu intimoa bezain gordina da, baita aldarrikatzailea ere. Moio bezala identifikatzen zuten lagunekin, senideekin eta ingurukoekin izandako elkarrizketen bitartez, Aimarren istorioa kolektiboki berreraikitzen du haren lagun Minerrek, eta transfobiaren inguruko hausnarketa egin. Memoria berreskuratzeko, indarkeriak izendatzeko eta isiltasunak hausteko aukera ematen digu, eta lagun batekiko dolua tresna baliagarri bihurtzen duen ariketa sentimental eta politikoa da.

'LA MALA COSTUMBRE'

• Idazlea: Alana S. Portero.

• Argitaletxea: Seix Barral (2023).

• Generoa: Autofikzioa.

Lehen pertsonan kontatutako prosa gordinaren eta poetikoaren arteko nahasketa berezia da La mala costumbre. Ikaskuntza-eleberri –coming-of-age– garaikide gisa dago sailkatuta, eta langile-klasearen kostunbrismo soziala eta begirada lirikoa uztartzen ditu. 

Irakurtzea beharrezkoa den horietako bat da; istorioa 80ko hamarkadan igaro arren, gaur-gaurkoak diren gaiak jorratzen ditu. Alana S. Porterok emakume trans baten bizitzan barrena eramaten gaitu, askotariko espazioen, harremanen eta pertsonaien bidez.

Kontaketa gogorra eta zintzoa egiten du, indarkeria ugari jasaten baititu protagonistak; baina badu kutsu poetikoa eta hunkigarria ere. Ahizpatasunak, adiskidetasunak eta bidean aurkitutako aliantzek norbera izateko eta bizitzan aurrera egiteko aukera ematen diote.

'MARI-MUTIL HANDI BATEN BLUESA'

• Egilea: Leslie Feinberg.

• Itzultzailea: Fermin Zabaltza.

• Argitaletxea: Txalaparta eta Katakrak (2018).

• Generoa: Eleberri soziala.

 AEBetako langile klaseko lesbiana butch baten istorioa kontatzen du. Jessek ez ditu gauzak erraz. Badirudi mundu guztiari traba egiten diola: haren itxurak, genero-adierazpenak. Aurre egin beharko die poliziaren indarkeriari, buruzagien irainei, familiaren ulertezintasunari, jipoiei, mespretxuei eta kaleratzeei. Gizarte oldarkor horren aurrean haren nortasuna gailenduko da. Hori egitean, butch, drag eta queer komunitatearen babesa, aukeratutako familiaren berotasuna, bikote-maitasuna eta sindikatu iraultzaileetako militantzia politikoa ezagutuko ditu. Feinberg aktibistaren lanik ezagunena den honek bere biografiako elementu asko jasotzen ditu. Euskaraz irakurtzeko aukera dugu LGTBQ komunitateko kultuzko obra erreferente hau!

A LA CONQUISTA DEL CUERPO EQUIVOCADO'

• Egilea: Miquel Misse.

• Argitaletxea: Egales (2018).

• Generoa: Saiakera.

Inoiz baino gehiago hitz egiten dugu gure gorputzei buruz: nola zaindu, nola erakutsi, nola aldatu. Baina, zer dago oker? Miquel Misse soziologoak buelta osoa eman dio luzaroan sakratutzat jo dugun ideiari: gorputzak ez daude oker; aitzitik, gizartearen genero-moldeak dira estuegiak eta zurrunegiak.

Eta ez da akademizismoetan galtzen. Oso modu argian, gertukoan eta zintzoan idazten du, baren esperientzia propiotik eta soziologiako tresnak baliatuta, edonork erraz ulertzeko moduan. Trans pertsonen borroka ez dela isolatua erakusten du. Gorputz arautuetatik kanpo geratzen diren beste guztiek –lodifobia, arrazakeria edota kapazitismoa jasaten dutenak– presio bera jasaten baitute. Gure gorputzei eta munduari berari begiratzeko modua aldatuko dizu, begirada fresko eta gizatiarrarekin.

UN MAPA PARA LA INCERTIDUMBRE'

 
• Egilea: Miquel Misse.
 
• Marrazkilaria: Alex Martinez.
 
• Argitaletxea: Bellaterra (2024).
 

• Generoa: Haurrentzako album ilustratua.

 Gaur gomendatzen dizuedan liburua ez da saiakera soziologiko bat, ezta ikerketa pedagogiko bat ere. Literatura hitz bakoitzean isurtzen da, ilustrazio zaindu bakoitzean. Oso liburu iradokitzailea da, irakurketa ugari egiteko aukera ematen duena, eta zuretzat ere bada, zure seme-alabekin irakurtzeko eta etxean duzun gazteari eskaintzeko. Hitzen eta ilustrazioen maleta xume bat da, gogoeta maleta bat, askotan ozen esan ezin denari buruzkoa. Zerbait sumatzen duzunean sentitzen duzuna argitzeko pentsatua. Zeure buruari egiten dizkiozun galderak, aurkitzen ez dituzun erantzunak. Hitzen kartografia. Generoan arakatzeko mapa bat eskaintzen dizu, bidaiarako bultzada bat. Haurtzaroan generoa aztertzea bidaia bat baita, delikatua bezain zirraragarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak