Osasun-arreta duinagoa emateko bidea, finkatuta

Hasier Larrea

Osakidetzako, Naizeneko eta Loratuz Lotuko ordezkariak, gidaren aurkezpenean.

Osakidetzak pertsona transei arreta integrala emateko gida kaleratu zuen joan den martxoan, eta, berrikuntzen artean, kolektibo horri zuzendutako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak (PTLMA) abian jartzea iragarri zuen; EAEko probintzia bakoitzeko bat.

 Gipuzkoan, zerbitzua Donostiako Alde Zaharra Osasun Zentroan ireki dute, eta Lehen Mailako Arretarekin, Ospitaleko Arretarekin, Gurutzetako Unibertsitatea Ospitalean dagoen Osakidetzako Genero Identitatearen Unitatearekin (GIU) eta baliabide komunitarioekin koordinatuta dago. 

Trans mugimenduaren ekarpenarekin

Gida berria genero-identitateagatik ez baztertzeari buruzko 4/2024 Legearen eta ebidentzia zientifiko berrien testuinguruan kokatzen da. Aurkezpenean Lore Bilbao Osakidetzako zuzendariak aipatu zuenez, dokumentua hainbat arlotako profesionalen, elkarte zientifikoen eta Osakidetzako talde teknikoaren parte-hartzeari esker egin ahal izan da, eta, batez ere, trans pertsonen eta beren familien eskubideak defendatzen dituzten elkarteen lanari eta lankidetzari esker: "Haien begirada, esperientzia eta konpromisoa funtsezkoak izan dira eredu gizatiarragoa eta errealistagoa eraikitzeko, herritarren benetako beharrei erantzute aldera".

Psikiatra eskura, eskatuz gero soilik

Hain zuzen, Euskal Herriko trans mugimenduaren aldarrikapen historikoetako bat izan da "arreta duina" jasotzeko eskubidea. 2024tik zeramaten Gurutzetako (Barakaldo) ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean (GIU) transek bizi duten "patologizazioa" salatzen, eta "oraindik pertsona batzuk psikiatraren bulegotik pasatzera behartzen dituztela" nabarmendu dute. 

Gidan aipatzen da gaur egun trantsizio-protokoloak "despsikiatrizatuta" daudela, eta arreta psikologiko eta psikiatrikoak eskuragarri egon behar duela hori eskatzen dutenentzat, "laguntza soziofamiliarraren gabeziaren edo nork bere burua onartzeko prozesuaren ondorioz sortutako sufrimendu emozionalari erantzuteko, gaixotasun mentalak estigmatizatu gabe eta trantsizio-bideak eragotzi gabe".

Zerbitzuak, gertuago

Deszentralizazioa da gidan aipatzen den beste gakoetako bat. Tradizionalki GIUn zentralizatuta egon den arreta beste osasun zentro batzuetara eramateko prozesua hasi du Osakidetzak aurten, erabiltzaileek arreta hori beren bizitokitik gertuago jaso ahal izan dezaten. Esaterako, helduen jarraipen-tratamenduak erreferentziako lurraldeko endokrinologia-zerbitzuetan egin ahal izango dira; bularraren feminizazio zein maskulinizazio kirurgiak eta ebakuntza osteko jarraipenak lurralde bakoitzeko erreferentziako ESIetako Kirurgia Plastiko eta Ginekologia Zerbitzuetan; eta ugalkortasuna babesteko prozedurak lurralde bakoitzeko Laguntza Bidezko Ugalketa Unitateetan (LGU), behin banakako balorazioa egin ondoren. 

Arreta pertsonalizatua

Bestalde, Pediatriako zein Familia eta Komunitate Medikuntzako mediku eta erizainez osatuta dauden Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT) pertsona transen osasun-beharrak identifikatzeko lehen harreman-puntu estrategikoak izango dira. Kontsulta medikoetan giro segurua eta errespetuzkoa bermatuta egongo dela ziurtatu dute erakundeko arduradunek, "osasun profesionalak errespetuzko tratuan eta izendapenean eta hizkuntza ez-patologizatzailean trebatuta egongo direlako". 

Arreta talde horiek konektatuta egongo dira Pertsona Transentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzuekin. Zerbitzu horretarako sarbidea trans pertsonen elkarteen bidez ere egin ahal izango da, edo norberak zuzenean eskatuta. Bertako psikologoek eta erizainek arreta pertsonalizatua emango dute, beldurrak, itxaropenak eta dolu anbibalentearen sentimenduak kudeatzen eta behar sozial eta emozionalak identifikatzen lagunduz, besteak beste. Gizarte- eta familia-babesa sustatzeko eta dokumentazio publikoa zein osasun-erregistroak pertsonaren identitate berrira egokitzeko aholkuak ere emango dituzte. 

Gidaren lanketan parte hartu duten Naizen eta Loratuz Lotu elkarteetako kideek argi dute neurri horiek "aurrerapauso oso handia" direla, baita, hasiera fasean daudenez, itxaron egin beharko dela idatzita dagoena egunerokotasunean ze modutan eta zenbateraino betetzen den jakiteko.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak