Aretxabaletak kontrario zuzen Sodupe hartuko du domekan Ibarran

Xabier Urtzelai

Roldan, baloia zapaltzen. goiena

Bi taldeak daude 17na punturekin, baina Gueñeskoak bolada onean datoz, azken bi partiduak irabazita. Euskal Ligako Bergarako neskek Azkoitin jokatuko dute, eta ohorezko erregionalean, gizonezkoen Bergarak eta Aloñak etxean dute hitzordua, eta Mondrak kanpoan. Debagoiena Bailarak, azkenik, Elgoibarren jokatuko du.

Egutegiak azaro gogorra zeukan gordeta Aretxabaletarentzat, azken bi jardunaldietan Barkeroren mutilek ligako oilar Gasteizko Aurrera (0-3) eta Alaves (5-2) izan dituzte-eta aurrean. Eta orain, bi partidu horiek galtzeak sailkapenean ekarri duen atzerapausotik errekuperatzea dagokie.

Hala, domekan bertan (16:30, Ibarra) izango dute horretarako aukera ona, aretxabaletarrek hamazazpi punturekin berdinduta dagoen Soduperen bisita izango dute eta. Hain zuzen, Soduperen eta datorren astean Erandioren kontrako partiduetan dute Barkeroren taldekideek arnasa hartzeko aukera, bi aste barru kategoriako lider Leioa etorriko da-eta Ibarrara, eta haien kontra askoz zailagoa izango da punturen bat eskuratzea; bizkaitarrek, orain arte, partidu bakarra galdu dute.

Bergarako neskak, Azkoitira

Emakumezkoen Euskal Ligako Bergarak bolada txarra eteteko garaipen ona eskuratu zuen joan den astean Sestao Riverren kontra (2-0). Izan ere, hiru partidu jarraian galtzetik zetozen. Taldekide asko min hartuta izateak nahi baino gehiago baldintzatu ditu mahoneroak kategoria berri honen hasieran, eta, beheko mailetako jokalarien laguntzarekin bada ere, ahalik eta puntu gehien batzen ahalegintzen dabiltza. Hala, zapatuan (15:30), sailkapenaren erdian dagoen Anaitasunaren zelaian jokatuko dute.

Bergarak eta Aloñak, etxean; Mondrak kanpoan

Ohorezko Erregionalean ligako lehen hamar jardunaldi hauetan Debagoieneko talde bakarra ere ez da nabarmendu, nahiko makal dabiltza hirurak. Bergara dabil txukunen, hamaikagarren postuan. Zapatuan (16:30), Ordiziaren bisita izango dute Agorrosinen.

Aloña Mendiri ere kosta egin zaio kategoria berrira egokitzea, haiek ere lesio dezente izan dituzte, eta sailkapenaren azken postuan daude. Bada, txantxikuek Hondarribia hartuko dute domekan (16:30). Eta Mondrak, berriz, etxetik kanpo jokatuko du, eta ez plaza errazean: arrasatearrak kategoriako lider Zarautzen etxera joango dira zapatuan (15:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak