Eskoriatzak eta Aloña Mendik lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Xabier Urtzelai

Eskoriatzako Narciso Pavo eta Aloña Mendiko Mikel Urkia. '@eskoriatzaKE'

Eskoriatza Kirol Elkarteak eta Aloña Mendik lankidetza-hitzarmena sinatu dute, eta Debagoienean areto futbolaren hazkundea bultzatzen jarraitzea dute helburu.

Eskoriatza Kirol Elkarteak eta Aloña Mendik lankidetza-hitzarmena sinatu dute, eta Eskoriatzako Narciso Pavok eta Oñatiko Mikel Urkiak Manuel Muñoz kiroldegiko kantxan irudikatu dute lankidetza hori, bi taldeetako elastikoak trukatuta. Beharrak bultzatutako erabakia izan da, baina sinistuta daude emaitza positiboak ekarriko dituela. 

Areto futbola indartu

Hori da, funtsean, bi klubetako ordezkarien helburu nagusia, Eskoriatzan eta Oñatin areto futbola indartzea, eta hori bailarara zabaltzea. Izan ere, haiek adierazi dutenez, kirol arlotik harago, hitzarmenaren bidez, elkarlana sustatu, eskura dituzten baliabideak hobeto aprobetxatu eta areto futbola indartzen lagunduko duen proiektu bateratua abian jartzea da asmoa. "Bat gatoz gure kirolaren orainaren eta, bereziki, etorkizunaren alde elkarrekin lan egiteko asmoan. Horregatik batu ditugu indarrak, kirol egitura sendoagoa sortzeko eta gure eskualdeko jokalariei aukera gehiago eskaintzeko", adierazi dute bi taldetako ordezkariek.

Nortasunari eutsiz

Hitzarmen horren bidez, bi klubek filialtasun-harremana ezarri dute. Eta adierazi dute euren asmoa dela kategorien arteko koordinazioa indartzea, etorkizun handiko jokalari gazteen kirol ibilbidea sustatzea eta senior taldeetarako urratsa erraztea. Hori horrela, jokalariek hobeto mailakatuta egongo diren taldeetan egin ahal izango dute euren ibilbidea, bakoitza dagokion mailan, eta kategorien arteko koska txikiagoekin. Lehiaketa egituraren buruan Eskoriatza KE egongo da, Hirugarren Mailan lehiatzen den taldea izango da erreferentea; ondoren, Euskal Ligako Aloña Mendi KE taldea egongo da; eta bi klubetako beheko mailetako taldeek osatuko dute egitura, harrobia. Hitzarmen horren baitan elkarrekin lan egingo badute ere, klub bakoitzak bere izaerari eutsiko dio. "Talde bakoitzak bere nortasunari, balioei eta herrian dituen sustraiei eutsiko die". Eta gaineratu dute Eskoriatzan eta Oñatin ilusioz ekingo diotela proiektu berri horri: "Konpromisoz eta arduraz ekingo diogu etapa berri honi, ziur gaudelako batasun hau urrats garrantzitsua izango dela Debagoieneko areto futbolaren garapenerako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak