Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, adituen ikuspegitik

Eki Letona Erretolatza

Mikel Arregi, Elena Laka eta Iñaki Galdos. 

Madrilen bizi den Mikel Arregi kazetariak, Elena Laka abokatu eta iritzi-emaileak eta Iñaki Galdos iritzi-emaileak azaroaren 29eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurrean dagoen egoera politikoa aztertu dute. Voxek Gobernuan izan dezakeen presentzia, PSOEren eta PPren arteko lehia, boto estrategikoa eta euskal alderdien etorkizuna izan dituzte hizpide.

Mikel Arregi kazetariak kanpainaren garapena izan du hizpide. Haren esanetan, orain arteko kanpaina "esperotakoa" izaten ari da. "Ustelkeria kasuak espero nituen: filtrazioak, operazio polizialak edo bestelako gertakari politikoak". Azken urteetako Espainiako politikaren bilakaera ikusita, "joko zikin handiagoa" espero zuen.

Elena Lakak adierazi du kanpainaren hasiera ez dela "bereziki gogorra" izaten ari. Alderdi bakoitzak bere estrategia duela dio: "PSOEk sentimenduetatik lantzen du diskurtsoa; PPk, berriz, kudeaketa lehenesten du; eta Vox, beharbada, ez horren bortitz, gizartean izan duen jarreraren aldean"

Iñaki Galdos: "Vox ez dago espero bezain bortitz, nire ustez, badakitelako Gobernua eskura daukatela; zoritxarrez, uste dut hauteskundeak eskuinak irabaziko dituela"

Eskuin muturra, "egonkortuta"

Arregiren ustez, hauteskunde hauetan jokoan dagoena oso garrantzitsua da: "Francoren heriotzatik lehen aldiz, eskuin muturra Espainiako Estatuko Gobernuaren egituran formalki egotea". Voxek Gobernuan egonez gero izango duen eragina erabakigarria izango dela uste du, eta horrek "kezka" sortzen duela ezkerreko sektoreetan eta Euskal Herriko abertzaleen eta euskaltzaleen artean. "Susmoa daukat sektore horiek Gobernu berriaren jomugan egongo direla".

Mikel Arregi: "Hauteskunde hauetan asko dago jokoan: Francoren heriotzatik lehen aldiz, eskuin muturra Espainiako Gobernuaren egituran formalki egotea"

Iñaki Galdos iritzi-emaileak "polarizazioaren dimentsioa" nabarmendu du. Haren esanetan, ez da hauteskunde kanpainara mugatzen den fenomenoa, azken legealdian Espainian gertatu denaren isla baizik: "Euskal Herrian oasi txiki batean bizi gara eta hemendik kanpo giro politikoa askoz polarizatuagoa dago". Lakak polarizazioa nabarmendu du. "Gizartean dagoen polarizazioa kanpainan ikusten dena baino handiagoa da".

Galdosen ustez, eskuin muturrak normalizazioa eta egonkortzea lortu ditu, eta horrek "kezka" sortzen dio: "Jendea pozik dago eskuinarekin; botoa eurei ematen jarraitzen dute". Gainera, "historikoki ezkertiarrak izan diren tokietan eskuina indartu" egin dela nabarmendu du. Haren iritziz, hauteskunde hauetan "eskuin muturraren fenomenoa" dago jokoan, "azken hamarkadetan PP eta PSOE izan baitira Espainiako politikaren bi ardatz nagusiak". Oraingoan, ordea, "Voxek izan dezakeen indarra beste faktore bat da Gobernuaren osaeran". Galdosek eta Lakak adierazi dute "eskuinak askatasunaren bandera bereganatu duela" eta "eskuin muturrak indibidualizazioaren joera bere mesederako erabiltzen duela". 

"PP eta Vox, Gobernuan"

Gobernuaren osaerari begira, Arregik PPren eta Voxen arteko Gobernua aurreikusten du. Haren esanetan, "azken legealdia gogorra izan da eta ezkerreko indarrak sakabanatuta eta ahulduta daude". Hala ere, PSOE lehen indarra izango balitz, "Pedro Sanchezek oposizioan jarrai lezake". 

Galdosek eskuinaren eta eskuin muturraren arteko indarraren "hazkundea" azpimarratu du, eta Gobernu berri batekin "kudeaketa pribatuaren hedapenean eta askatasunen murrizketetan" izan daitezkeen ondorioez ohartarazi du. Hola ondo?. Euskal ikuspegitik, autogobernua lehenesteko beharra azpimarratu du: "Ikuspuntu nazionaletik, autogobernuak beharko luke garrantzitsuena". Era berean, euskal alderdi biek kanpainan euskara "gutxi" erabili dutela kritikatu du: "Madrilgo agenda oso ondo dago, baina norberarena ahaztu gabe".

Azken orduko ezustekoak

Hauteskundeen emaitzak aurreikustea zaila dela nabarmendu du Lakak, oraindik "herritarren ehuneko handi batek ez duelako erabaki noren alde bozkatuko duen". Gainera, azken egunetan gerta daitekeen edozein gertakarik botoaren norabidea alda dezakeela uste du.

Elena Laka: "Urdako istripuaren oihartzuna bi egunean isildu zen; ez dakigu hauteskundeetara arte zer gertatu daitekeen eta zerk eragin dezakeen azken botoa"

Arregik ere boto estrategikoaren "garrantzia" aipatu du. Haren arabera, "herritar askok ez dute nahitaez alderdi batekin bat egiten; beste alderdi edo bloke batek gobernatzea eragozteko bozkatzen dute". Horren eredu batzuk bizi izan ditu kazetariak Madrilen: "Madrilen ezagutzen ditudan ezkerreko herritar batzuek PSOE bozkatuko dute, Sanchezen alderdia eskuin muturraren aurkako erresistentziaren ikur gisa ikusten dutelako. Beste batzuek, berriz, PP bozkatuko dute, Voxen indarra mugatzeko asmoz".

Gazteen botoari dagokionez, Madrilgo institutu batean egindako inkesta baten emaitzak aipatu ditu Arregik. Haren arabera, "gazte askoren artean Pedro Sanchezen eta Santiago Abascalen arteko dikotomia ageri zen, PP desagertuta balego bezala".

Euskal alderdien egoera

Euskal alderdien arteko lehiaz ere jardun du Arregik. Haren arabera, "inkestek EH Bilduren gorakada eta EAJren beherakada erakusten dute, eta horrek aldaketa ekar dezake abertzaleen arteko indar harremanean". EAJren kanpaina "erratikoa" izan dela dio, "bi bloke nagusietatik kanpo kokatzen saiatu delako", hauteskundeak bi bloke horien arteko lehia argi batean kokatzen diren bitartean. Horren harira, Galdosek ere "zentroa galdu" egin dela nabarmendu du.

Arregik ohartarazi du PPk eta Voxek Gobernua osatuko balute Euskal Herriko zenbait sektorerekin "talka" egin dezaketela. "Mugimendu antifaxistaren, sindikatuen eta gizarte eragileen aurkako errepresioaren aukera ez dut baztertzen". Ildo horretan, Alberto Nuñez Feijook martitzenean Eibarren egindako agerraldia eta abertzaletasunaren "aurkako" diskurtsoa aipatu ditu. 

Datorren domekan EAJk bost eserleku lortzeko dituen "zailtasunak" aipatu ditu: "Inkestek zalantzan jartzen dute kopuru horretara iristea". EH Bilduren ordezkaritza, aldiz, "handia" izan daitekeela azaldu du. "Hala ere, PPren eta Voxen Gobernuarekin, euskal taldeentzat erresistentzia-legealdia izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak