Iria Mey: "Norbaitek nire ikuskizunarekin aurreiritziren bat apurtzen badu, helburua lortu dut"

Oier Zumarraga Aranburu

Iria Mey. Argazkia: Eztebe.

Kabaretaren eta transformismoaren munduan hamasei urteko ibilbidea egin du Iria Mey artista bilbotarrak. Umorea aldarrikapenerako tresna eraginkorra dela defendatzen du, eta LGTBIQ+ girotik kanpoko publikoarengana iristeari garrantzi berezia ematen dio. 

Abestu, antzeztu, dantzatu, aurkeztu, edukiak sortu... ez da erraza Iria Meyren (1988, Bilbo) jarduna hitz gutxitan azaltzea. Kabaretaren eta transformismoaren munduan hasi zen duela hamasei urte, eta musika, umorea eta aldarrikapena uztartzen ditu gaur egun. Eskoriatzako Lur Anitz Fest jaialdian hizlari aritu zen, eta oholtza gaineko zein kanpoko kontuez mintzatu da.

Iria Mey duzu izen artistikoa; nondik dator Mey hori?

Nire abizenetatik: Moralejaren m hartu nuen, Elorzaren e, eta y gehitu nion, me hutsean gera ez zedin. Nire bizitzaren zati bat gordetzeko modua ere bada kanpora begira. Sare sozialetan gauza pertsonal asko kontatzen ditut, baina ez dut den-dena erakutsi nahi.

Abeslaria, showgirl-a, transformista, eduki-sortzailea... Nola aurkezten duzu zeure burua?

Denetarik egiten dut! Abestu, antzeztu, performanceak egin, musika jarri, ekitaldiak aurkeztu... Mahai-inguruetara ere gonbidatzen naute, esperientziak partekatzeko. Azkenean, gustatzen zait aukera berriei ateak zabaltzea. Denetik pixka bat dakit, baina ez naiz ezertan maisua.

Nola lortzen duzu hainbeste gauzatarako energia izatea?

Ilusioari eta gogoari esker. Egiten dudana lana da, baina izugarri gustatzen zait. Iria Mey ni neu naiz, baina mila modutan. Hori bai, zortzi ordu lo egin behar ditut; bestela, ez dut funtzionatzen.

Oholtzan pertsonaia bat sortzen duzu, beraz?

Ez guztiz. Ni neu naiz, baina askoz biziagoa. Transformismotik eta kabaretetik nator, eta urte batzuk eman ditut dragik egin gabe, artistikoki nekatuta nengoelako. Orain, berriro heldu diot. Beti izan dut inon guztiz ez egokitzearen sentsazioa.

Eta zure presentzia bera ere aldarrikapen bat izan daiteke?

Bai; ikusgarritasuna ez dago abestiek kontatzen duten horretan bakarrik. Emakume transek draga egiten ikusteak badu berezko balioa. LGTBIQ+ girotik kanpoko publikoarengana iristea ere garrantzitsua da. Norbaitek nire ikuskizunarekin aurreiritziren bat apurtzen badu, helburua lortu dut.

Eskoriatzako Lur Anitz Festen ere horixe bilatu zenuen?

Bai. Hitz egiten hasi aurretik barkamena eskatu nuen, oso hizkera arrunta eta zuzena dudalako. Ez nuen ordubete eman nahi teknizismoekin. Nahiago dut jendeak ulertzea esaten dudana, zuzen hitz egin arren; hurbiltasuna sortzen du.

JAMAS abestia ere baduzu; zer kontatzen duzu zure kantetan?

Maitasuna da nire hiru abestien ardatza, baina hainbat ikuspegitatik: Just dance-k sedukzioaz hitz egiten du; Mortality-k, aingeru baten eta gizaki baten arteko maitasunaz; JAMAS-en, berriz, kasurik egiten ez duen norbait konkistatu eta gero hari bizkarra ematen dion neska baten istorioa kontatzen dut. Ahalduntze-puntu hori gustatzen zait.

Eta orain zer ari zara prestatzen?

Abesti berri bat, baina hilabeteak daramatzat erabat trabatuta; izan ere, oso inkonformista naiz neure buruarekin: dena hobeto idatzi, abestu edo egin daitekeela iruditzen zait. Oraingoan, betiko maitasunetik aldendu nahi izan dut, eta hitz askoz aldarrikatzaileagoak eta polemikoagoak sortu. Inspirazioa, baina, tantaka iristen ari zait.

Umorea aldarrikapenerako tresna ona da?

Bikaina! Umorearekin mezua askoz errazago iristen da serio eta politikoki zuzen hitz eginda baino. Ironia eta umore beltza asko erabiltzen ditut, publikoaren arabera. Kabareta horixe da, neurri handi batean. Kontua da aldarrikapenak egitea, baina astuna izan gabe.

Hamasei urte daramatzazu oholtzetan; publikoa aldatzen joan al da?

Oraindik ere harritzen nau jendeak zein erraz egiten duen barre zenbait gauzarekin. Kabaretean oso ohikoak diren txisteek ere sekulako erreakzioak eragiten dituzte. Eta kontuan hartu behar da gure emanaldi gehienak gaueko giroan izaten direla oraindik. Antzokietara eta museoetara iritsi garela esaten da, baina oso gutxik dute aukera hori.

Eta fokuak itzaltzen direnean, nolakoa da Iria?

Askoz lasaiagoa! Lagunek harritu egiten dira, oholtzan hain aktibo ikusi ondoren ez baitute espero etxean hain lasaia izatea. Asteburu libre bat badut, itsas izar moduan jartzen naiz: etxean, azala zaintzen eta ezer egin gabe. Netflix jarri, Instagramen ibili eta mundutik erabat desagertu. Batzuetan, orduak ematen ditut pantailari begira, baina ia ezer ikusi gabe, nire pentsamenduetan murgilduta. Mila biratatik gelditzera pasatu behar dut noizean behin, buruak ere atseden hartu behar duelako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak