"Gure kulturan oso errotuta dago binariotasuna; ikastetxeetan ere bai"

Oier Zumarraga Aranburu

Irungo Berritzegunean bizikidetza eta hezkidetza aholkulari izandako Marivi Fernandezek ikasle transei laguntzeko protokoloaren berrikuntzak, ikastetxeetako eguneroko oztopoak eta irakasleen prestakuntzaren garrantzia izan ditu hizpide. 

Irakaskuntzatik erretiroa hartuta dagoen arren, Marivi Fernandezek (1960, Errenteria) gertutik jarraitzen du hezkuntzaren bilakaera. Irungo Berritzegunean bizikidetza eta hezkidetza aholkulari aritu zen urte luzez, eta EAEko ikasle transei eta beren familiei laguntzeko protokoloaren berrikuntzan parte hartu zuen. Eskola inklusiboagoak eraikitzeko egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu, baina ohartarazi du ikastetxeetatik kanpo ere badagoela zer landu.

Hezkuntza-sistema oso binarioa dela esan izan duzu; zertan antzematen da hori?

Gure kulturan oso errotuta dago binariotasuna; ikastetxeetan ere bai. Haur edo gazte batek esaten duenean "ni ez naiz neska, mutila naiz", askotan bi mutur horietara jotzen du. Badira identitate ez-binarioak ere, baina lan handia dugu gauzak beste modu batean ulertzeko. Eta ez hezkuntzan bakarrik, gizarte osoan baizik. Gabonetan jostailu-denda batera sartzea besterik ez dago: pasillo arrosak eta urdinak daude. 

Eta ikastetxeetako egunerokoan zer oztopo sortzen ditu?

Komunen eta aldagelen erabileran, gorputz hezkuntzako jardueretan... Gauza asko nesken eta mutilen arabera antolatuta daude. Gizartean ere horrela gertatzen da, eta eskolan errepikatu egiten dugu. Ikastetxe asko ahalegin handia egiten ari dira hori aldatzeko, baina ez da erraza. Pertsona guztien intimitatea eta eskubideak bermatu behar dira. Esaterako, komun komunak egokitzeko lan egiten ari dira, baina aldaketa horiek hausnarketa eta lanketa eskatzen dute, ikasleekin zein familiekin.

Zer gerta daiteke ikasle batek ez badu segurtasunik sentitzen?

Badira ikasleak egun osoan komunera joan gabe egoten direnak, deseroso sentitzen direlako. Horrelako egoerak saihestu egin behar ditugu. Ikasle guzti-guztiek lasai etorri behar dute ikastetxera, pozik. Komunera joateko, aldageletan egoteko eta gorputz hezkuntzan parte hartzeko lasaitasuna izan behar dute. 

2016an sortutako protokoloa 2024an berritu zenuten; zergatik zen beharrezkoa?

Lehen protokoloa oso garrantzitsua izan zen, autonomia erkidego gutxik baitzuten ikasle transei laguntzeko halako tresnarik. Hala ere, urteekin behar berriak agertu ziren, eta ikastetxeek egoera jakin batzuetan nola jokatu argitzeko orientabide zehatzagoak behar zituzten. Adibidez, ikasle batek trantsizio-prozesua hasi nahi duenean, baina familia ados ez dagoenean. Lehen protokoloarekin ikastetxeek zalantzak izaten zituzten egin beharreko urratsez. Naizen –haur eta gazte transexualen familien elkartea– eta Berdindu –Eusko Jaurlaritzaren LGTBI arretarako zerbitzua– erakundeekin elkarlanean berritu genuen dokumentua, ikastetxeei orientabide argiagoak emateko.

Zer berrikuntza nagusi ekarri ditu?

Ikaslearen egoera nola ezagutzen den kontuan hartzen duten egoerak jaso ditugu. Batzuetan, ikasleak berak kontatzen du; beste batzuetan, familiak edo inguruko norbaitek jakinarazten du. Ikasle batek idazlan baten bidez ere adieraz dezake zer gertatzen zaion, zuzenean kontatzera ausartzen ez delako. Egoera bakoitzean egin beharreko urratsak zehaztu ditugu. Izenaren erabilera eta administrazio-izapideak ere argitu ditugu. Protokoloa osatuagoa da orain.

Irakasle batek egoera horietako baten berri jasotzen duenean, zer egin behar du?

Lehenik, jakin behar du ez dela haren ardura bakarrik. Ikasleak konfiantza duen irakasle bati konta diezaioke, tutorea izan edo ez. Irakasle horrek zuzendaritzara, orientatzailearengana edo Bullyingaren Aurkako Taldera (BAT) taldera jo behar du. Ikastetxeak bere gain hartzen du ardura, eta taldean antolatzen da laguntza. Ez dugu nahi irakasle batek pentsatzea arazo guztia berak konpondu behar dituela. Horretarako daude ikastetxeko egiturak.

Zer garrantzi du irakasleen prestakuntzak?

Handia. Ikastetxe batek gaiaren inguruko prestakuntzarik jaso ez badu, protokoloak Berdindurekin harremanetan jartzeko aukera jasotzen du. Berdinduk oso prestakuntza ona eskaintzen du, irakasleentzat zein ikasleentzat. Ez da nahikoa borondate ona izatea; jakin behar da nola jokatu. Prestakuntzak laguntzen du egoerak ulertzen eta ikasleei behar bezala laguntzen.

Familiekin sortzen al dira zailtasunak?

Askotariko egoerak daude. Beste familia batzuek ikasle baten trantsizio-prozesua ez ulertzea ez da ohikoena. Zailtasun gehiago izan ditugu ikaslearen beraren familiak egoera onartzen ez duenean. Batzuetan, gurasoak bananduta daude, eta batek onartu egiten du, baina besteak ez. Horrelakoetan, lanketa sakona egin behar izaten da, eta prozesua luzea izan daiteke. Ikastetxeak eta Berdinduk familiarekin lan egiten dute.

Ikastetxeetan aurrerapausoak egin direla diozu; gizartean ere neurri berean egin al dira?

Ez dut uste. Gizartean hipokrisia handia dagoela iruditzen zait. Legeak eta protokoloak aurrera doaz, eta ikastetxeetan ahalegin handia egiten da, baina gizartearen zati batek oraindik ez ditu errealitate horiek ulertzen. Familia oso itxiekin egin dugu topo; batzuetan, sinesmen erlijiosoekin lotuta. Horregatik, lanketa ezin da ikastetxeetara mugatu; gizarte osoan egin behar da.

Nolako hezkuntza eta gizartea ikusi nahiko zenituzke etorkizunean?

Gustatuko litzaidake neska edo mutil bakar batek ere horrelako arazorik ez izatea. Nork bere identitatea garatzeko askatasun osoa izatea. Nahi nuke ikasleek eskolan duten askatasun bera etxean ere izatea, beren familiekin lasai hitz egin ahal izateko. Alegia, ez dezatela beldurrik izan zer sentitzen duten kontatzeko, eta ingurukoek babestu ditzatela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak