Aretxabaletako Otalora dorretxean, Mondragon Korporazioaren zuzendaritza eta garapen kooperatiboko zentroan, partekatu dituzte On Jose Maria Arizmendiarrietaren legatuaren gaineko inpresioak gai horretan adituak diren bi pertsonak: Korporazioko Zabalkunde Kooperatiboko zuzendari Ander Etxeberriak eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidente Lourdes Idoiagak. Lerrootan Goiena Telebistan gaur emitituko den erreportajearen gaineko pintzeladak azaltzen dira.
Egiturak, berdin
Gauza jakina da nolako eragina izan zuen haren iniziatibak Arrasateko garapen sozio-ekonomikoan lehenengo, eta inguruko herrietakoan gero. Balio kooperatiboak transmititu zizkien haren ikasleei eta balio horiekin sortu zuten ULGOR, lehenengo kooperatiba, 1956an. Gaur egungo kooperatiben egitura eta estatutuetan printzipio horiek mantentzen direla azpimarratu du Etxeberriak: "Bazkide bakoitzak boto bat, soldata-arrakala murritza eta erabakiak batzar nagusian hartzea. Kanpotik datozenei hori azaltzen diegunean, harrituta gelditzen dira: nola erabakiko dute ba langileek enpresaren gainean?".
Baieztapen hori erabili du kanpoan etxean baino errekonozimendu handiagoa ematen zaiola argudiatzeko: "Baina normala da, inor ez da profeta bere herrian".
"Zirikatzaileak falta dira"
Idoiagak Arizmendiarrietaren azken lau urteetan izan zuen harremana harekin, eta horrela gogoratzen du: "Apala eta burugogorra zen, baina, ezeren gainetik, liderra. Proiektuak garatzeko, adibidez, Enpresagintza Eskola Teknikoa, beretzat aproposak izan zitezkeen pertsonak aukeratzen zituen, eta protagonistak bihurtu. Atxikimendua eta gizarte eragile izateko konpromisoa sustatzeko indar biderkatzailea zeukan".
Gaur egun, hura moduko jende "zirikatzailea" faltan sumatzen duela gehitu du Idoiagak: "Sutsuagoak izan behar gara konpromiso kolektiboak hartzeko orduan. Nik uste apaltasun bat, erosotasun bat badagoela, gu gazteak ginen garaiekin alderatuta, agian testuingurua bestelakoa delako. Euskara, kultura eta gizarte arloan, dena zegoen egiteko. Gaur egun ere lan handia egiten da, baina, esango nuke, modu apalagoan".
Konfiantza gazteengan
Etxeberriak bestelako ikuspuntua partekatu du lehengo eta oraingo garaiak alderatzeko orduan: "Egia da gaur egun Ongizate Estatuak bermatzen dizkigula zenbait eskubide, lehen ez geneuzkanak, eta Jose Mariak akuilu lanak egiten zituela horien defentsan. Lan boluntarioaren garrantziaz jabetu zen hari esker jende asko, baina gaur egun ere legatu hori bizi-bizirik ikusten dut. Begira zenbat gazte dauden erakunde politikoetan, jai batzordeetan, kirol, aisialdi eta kultura elkarteetan".
"Heroietako bat"
Idoiagaren ustez, printzipio kooperatiboen inguruan "berba asko" egiten den arren, eraldaketarako konpromiso sozialak handiagoa izan beharko luke: "Badaukagu gaitasuna aztertzeko zeintzuk diren egungo eta lehengo arazoak. Hor ipini behar gara eta aurrera, beti aurrera joan, hark esaten zuen legez. Zorionez, kooperatibisten artean proaktibotasuna hedatu dezakegu".
Hala ere, berehalakoan nekez sortuko da Markinan jaiotako apaiza moduko figura bat: "Arizmendiarrieta bat, 200 urtean behin? Esango nuke heroietako bat dugula, maila nazional, ekonomiko eta sozialean. Fenomeno natural bat", borobildu du Etxeberriak.