Herritarrek tabernetan euskara erabiltzea helburu hartuta, Zuk eskatu, nik ulertzen dut kanpaina abiatuko dute bihar, eguaztena, eta abenduaren 15era arte iraungo du. "Izan ere, sarritan erdarara jotzen dugu, tabernan ulertuko ote diguten zalantzan, eta kanpaina honek, hain justu, muga hori apurtu nahi du", azaldu dute antolatzaileek.
Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Oñatin gauzatuko dute kanpaina. Ekimenean parte hartzen duten tabernek kanpainaren kartela eta mahai-gainekoa ikusgai izango dituzte, "bezeroek argi jakin dezaten bertan euskaraz lasai ederrean eska dezaketela".
Datu soziolinguistikoek erakusten dute horrelako ekimenen beharra dagoela, antolatzaileen esanetan. Izan ere, Debagoieneko herri guztietan, biztanleen erdiak baino gehiagok daki euskaraz, eta bost herritan, bi herenek baino gehiagok. "Debagoienean gehienok dakigu euskaraz, baina askotan ez gara erabiltzera ausartzen, edo ohituragatik erdarara jotzen dugu. Tabernak leku aproposak dira joera hori aldatzeko: zuk eskatu euskaraz, ulertuko dizute eta", adierazi du Eider Usobiaga Bergarako Udaleko euskara zinegotziak.
Bi aktore, giroa alaitzen
Kanpainak irauten duen bitartean, bi aktore ibiliko dira tabernetan eta kalean, jendea euskaraz eskatzera animatzen, umorea eta inprobisazioa ardatz hartuta. Photocall bat ere jarriko dute argazkiak ateratzeko.
Honako hau da herrietako saioen egutegia:
- Azaroak 19: Arrasate. Otalora Lizentziatua kalean, 19:00etan hasita.
- Azaroak 20: Eskoriatza. 19:00etan hasita.
- Azaroak 22: Elgeta. Eguerdi partean.
- Azaroak 25: Aretxabaleta. 19:00etan hasita.
- Azaroak 26: Oñati. Atzeko Kale 32 aurreko plazatxoan, 19:00etan hasita.
- Azaroak 27: Leintz Gatzaga. 19:00etan hasita.
- Abenduak 3: Bergara. Irala kalean, 19:00etan hasita.
- Abenduak 10: Antzuola. 19:00etan hasita.
Hainbat sari daude
Kanpainan parte hartzen duten herritarren artean hainbat sari zozkatuko dituzte: 400 euroko asteburu-pasa edo esperientzia bat eta 30 euroko 10 kontsumo-bonu. Bonu horiek 2027ko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira kanpainari atxikitako tabernetan. Sari nagusiaren kasuan, irabazleak berak aukeratuko du saria non erabili, baina Debagoienean bertan izan beharko du.
Parte hartzeko bidea "oso erraza" dela nabarmendu dute antolatzaileek. "Nahikoa da tabernan euskaraz eskatzea eta zozketa-txartela betetzea". Zozketa abenduaren 18an egingo dute, eta irabazleen zerrenda Debagoieneko Mankomunitatearen webgunean argitaratuko da.
