40.000 herritar inguru batu ziren Bilbon zapatuan, EH Bilduk deituta Euskal Herria defendatu lelopean egindako manifestazioan. Hauteskunde kanpaina baten baitan "Euskal Herrian inoiz egin den ekitaldi politikorik handiena" izan zela adierazi du koalizio abertzaleak. "Dozenaka milaka lagunek irmotasunez adierazi dute bloke atzerakoia gelditu eta datorren Euskal Herriari bidea ireki behar zaiola".

Arnaldo Otegik zera adierazi zuen: "Bloke erreakzionarioari jipoi demokratiko bat ematea tokatzen zaigu, eta Euskal Herriak egin egingo du". Horretarako, zioen, funtsezkoa izango dela hilaren 29ko hauteskundeen ostean EH Bildu berriz ere "erabakigarria eta are indartsuagoa" izatea. "Ez gara etsipena kudeatzera etorri, itxaropena gobernatzera baizik. "Ez gara hona iritsi atean geratzeko, eta ez dugu baimenik eskatuko amaieraraino iristeko", gehitu zuen.

EH Bilduko idazkari nagusiak berretsi zuen ezker subiranistak ez duela etsiko egungo testuinguru politiko eta sozialaren aurrean. "Ez dugu etsiko, jendearen itxaropena gobernatzen dugu". Eta boto bakoitza herri honen etorkizuna defendatzeko tresna bihurtzeko deia egin zuen: "EH Bilduri botoa ematea ez da sigla politiko bati botoa ematea. Herri honetako gizon eta emakumeen etorkizunaren alde bozkatzea da. Antifaxismoa bozkatzea da".