LF2 mailako jardunaldi bikoitza izan dute Smartlog Ointxeko neskek, eta ez dute hutsik egin. Gaur, domeka, jokatu dute TGN taldearen kontra, eta bukaerako emaitzak erakusten duten moduan, aise menderatu dute talde kataluniarra: 89-64.
Dena den, lehia bukaerako abantaila ez da hirugarren laurdenera arte nabarmendu. Hasierako bi laurdenetan nahiko parekatua izan da lehia. Etxekoak nagusi dira 22-20, bereziki hiruko jaurtiketekin asmatu dutelako. Kontrara, jaurtiketa libre dezente hutsegin dituzte.
Defentsa oso ona
Bigarren laurdenaren hasiera oso astuna izan da bi taldeendako. Hasierako minutuetan ez dute saskiratzerik lortu. Ostean, berriro ere hiruko jaurtiketa batzuei esker, eta jokaldiren baten lortutako 2+1ekoari esker, tartea zabaldu dute arrasatearrek. TGN azken segundoan lortutako hirukoak markatu du atsedeneko markagailua: 40-33.
Atsedenaren ostean hasi da egosten David Peñaren taldea partiduaren norabidea. Erasoan huts gutxi eginda, eta defentsako lan bikainari esker, abantaila handitzen joan dira poliki-poliki. Are gehiago, TGNri, erasorako izandako 24 segundoko jabetza askotan agortu zaio.
Laugarren laurdenean, etxeko jokalariak izan dira, jaun eta jabe.