Alokairuaren prezioak %44,5 egin du gora 2016tik 2025era Debagoienean

Eneko Azurmendi Barrena

Bi herritar, etxe-agentzia bateko erakusleiho batean, etxebizitzak ikusten.

2026ko lehen hiruhilekoan ere alokairuaren prezioak gora egiten jarraitu du, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera, eta sasoi hartan 710,9 eurokoa zen batez besteko prezioa hileko.

Eguazteneko greba orokorrak garbi utzi du egungo gizartearen kezka eta arazo nagusietako bat etxebizitzarena dela, eta Debagoiena ez da salbuespena. Bailarako hiru udalerri handienak, Arrasate, Bergara eta Oñati, tentsio handiko bizitegi-eremu izendatuak ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, ondorioz, Etxebizitza Legeak ezarritako hainbat neurri aplikatu ahal izango dituzte udalerri horietan; nagusiki, alokairuari lotutakoak, egoera hobetzen saiatzeko. Edozelan ere, egungo panorama zaila dela dio Irune Elexpuruk, Sampru etxe-agentziako langileak. Arrazoia, nagusiki bat da: "Nabaritzen duguna da eskaria handiagoa dela dagoen etxebizitza kopurua baino. Arazo hori orokorra da, bai erosteko orduan, baita alokairuari dagokionez ere".  

Lehen "aukera zabalagoa" zegoela azaldu du Elexpuruk, etxebizitza motaren eta prezioaren arabera: "Orain, aukera urriagoa da, eta egoera onean dauden etxebizitzak, merkaturako interesgarriak direnak, berehala saltzen dira".

Etxebizitzen %86, jabetzakoak

Debagoieneko etxebizitza kopuruari erreparatuta, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) azken datua 2024koa da. Orduko hartan, 26.023 zeuden bailarako bederatzi udalerrietan: Arrasaten, 10.751; Bergaran, 7.309; Oñatin, 5.549; Aretxabaletan, 3.318; Eskoriatzan, 2.100; Antzuolan, 1.056; Aramaion, 732; Elgetan, 622; eta Leintz Gatzagan, 135. Aipatzeko datua da, halaber, etxebizitza guztien %85,73 jabetzakoak direla eta alokairuan hartutakoak, %12,28 –bestelakoak %1,99 dira–.

Horri lotuta, jabe handiei buruzko datu esanguratsuak eman ditu Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Arrasaten, bost etxebizitza edo gehiago dituzten jabeak 593 dira; hamar etxebizitza edo gehiago dituztenak, aldiz, 570. Jauzi handia dago gainontzeko udalerriekiko. Izan ere, Bergaran, 37 dira bost etxebizitza edo gehiago dituztenak, eta hamar edo gehiago dituztenak, 24; Eskoriatzan, 28 dira bost etxebizitza edo gehiago dituztenak –hamar edo gehiagokoak, 23–; Aretxabaletan, hamar etxebizitza edo gehiago dituztenak 19 dira; Oñatin, azkenik, zazpi jabe dira bost etxebizitza edo gehiago dituztenak. 

Alokairuaren prezioa, gorantz

Elexpuruk dio Debagoienean alokairuan dagoen etxebizitza bat aurkitzea "miraria" dela gaur egun, ia ez baitago horretarako aukerarik. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera, Debagoienean 1.772 etxebizitza zeuden alokairuan 2026ko martxoan –azken datu eguneratua da–. Prezioari dagokionez, azken urte osoa kontuan hartuta, 2025ean 684,2 eurokoa zen alokairu librearen batez besteko prezioa bailaran.

2016tik 2025era, 210,70 euro igo zen batezbestekoa; hau da, %44,5 garestitu zen. 2026ko lehen datuek igoera berretsi baino ez dute egiten. Izan ere, 2026ko lehen hiruhilekoan 710,9 eurokoa izan da alokairuaren batez besteko prezioa.

EAEn baino merkeago daude

Salerosketei erreparatuta, Behatokiaren arabera, azken datua da 137 etxebizitza erosi zirela 2026ko bigarren hiruhilekoan –horietatik sei berriak eta 131 bigarren eskukoak–. Etxebizitza merkeenek bailaran 90.000 euro inguruko prezioa daukatela azaldu du Elexpuruk. Batez besteko prezioa, halaber, 180.808 eurokoa da Debagoienean. EAEko datuarekin alderatuta, merkeagoa da; izan ere, 291.412 eurokoa da Erkidegoan. Gipuzkoako datua goia jota dago, batez besteko prezioa 327.974 eurokoa baita lurraldean; edozelan ere, Donostiak eragin zuzena du horretan; hiriburua kenduta, 256.875 eurokoa da prezioa probintzian. Inguruko bi eskualdeekin konparatuz gero, Goierriko batez besteko prezioa 192.851 eurokoa da etxebizitza erosteko, eta Debabarrenekoa, 170.269 eurokoa.

Beste datu bitxi bat ere eman du Behatokiak. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2026ko bigarren hiruhilekoan, hilabeteko soldataren batezbestekoa 2.724,12 eurokoa zen eta erosleek 847,38 euro bideratu zituzten hipotekara –soldataren %31,11–.

Inflazioak eta soldatak, talka

Herritarren erosahalmena eta etxebizitzaren prezioak, oro har, ez datoz bat, eta hori da arazoaren muina, Elexpururen esanetan: "Kontziente izan behar dugu oso inflazio handia dagoela, baina soldatek ez dutela proportzio berean gora egiten. Etxebizitza-jabe guztiak inflazio horren gurdira igotzen dira, nolabait esateko. Hau da, merkatuan behar handia dago, eskaria handia da, eta jabeek hori baliatzen dute".

Emantzipatzeko zailtasunak

Horren ondorioz, geroz eta zailagoa da emantzipatzea gazteentzat, baina badaude salbuespenak. Martxel Bengoa arrasatearra da horietako bat. "Pentsatzen nuen Arrasatetik kanpo bukatuko nuela bizi izaten, eta hori zen gura ez nuena. Zorionez, aurkitu dut etxebizitza bat, baina egoera ez da batere ona. Lan-baldintzak, oro har, ez dira oso onak; etxebizitzen prezioak, ordea, oso garestiak dira", nabarmendu du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak