Eskoriatzak eta Leintz Gatzagak urrats esanguratsua egin dute subiranotasun energetikoaren bidean, bi udalerriak energia-komunitate bakar baten barruan biltzea erabakita. Elkarlan horri esker, trantsizio ekologikoarekin lotutako egitasmoak modu koordinatuan garatu ahal izango dituzte –besteak beste, autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak eta mugikortasun jasangarriko ekimenak–, bien arteko sinergiak baliatuz.
Harrera ona
Elkarlanaren lehen emaitza zehatza martxan jartzeko bidean dela azaldu dute Esnargiko ordezkariek. Izan ere, Leintz Gatzagako eraikin bateko teilatuan 67 kW-ko eguzki-instalazio bat jartzeko autokontsumo-proiektua prestatzen ari dira. Aurreikuspenen arabera, instalazioa 2027ko udaberrirako egongo da martxan. Eta, horrekin batera, Gatzagako Udal Pilotalekuko teilatua eraberritzeko obrak amaitutakoan, bertan panel fotovoltaikoak jartzeko asmoa ere badago.
Proiektuaren eta energia-komunitatearen berri emateko herri-bilera egin berri dute Leintz Gatzagan, eta herritarren erantzuna oso positiboa izan dela azaldu du Esnargik: "Dagoeneko 24 lagunek baino gehiagok adierazi dute komunitateko kide egiteko interesa. Izandako harrera ona ikusita, eta oraindik herritar gehiagorentzat tokia dagoenez, beste bazkidetza-kanpaina bat prestatzen ari gara. Deialdia laster zabalduko dugu, Leintz Gatzagako zein Eskoriatzako bizilagunek komunitatean parte hartzeko aukera izan dezaten".
Kudeaketa digitala
Esnargiko kideek azaldu dutenez, energia-komunitatea hazkunde-prozesuan murgilduta dago, eta datozen hilabeteetan bazkide kopurua zein instalazio fotovoltaikoen kopurua handitzea aurreikusten dute. "Zehazki, epe laburrean bi instalazio izatea eta 100 bazkideko langa gainditzea dugu helburu", adierazi dute.
Hazkunde horrek komunitatearen antolaketa eta eguneroko kudeaketa-lanak konplexuago bihurtuko dituenez, kudeaketa digitalerako beste sistema bat probatzen ari dira.
Etorkizuneko egitasmoak
Orain arte martxan jarritako egitasmoek herritarren artean izan duten harrera ona ikusita, eta egungo energia-krisiaren testuinguruan, proiektu berriak lantzen hasiak dira dagoeneko. Ekimenaren sustatzaileen arabera, horrelako lankidetza-proiektuek aukera emango diete bi udalerriei etorkizunean herri jasangarriagoak, energetikoki burujabeagoak eta erresilienteagoak eraikitzeko.